Uruguaik zapuztu du Afrikaren ametsa

Luzapeneko azken minutuan penaltia alde izan du Ghanak; ez du asmatu, eta penaltietan nagusitu da Uruguai

enekoitz telleria sarriegi
2010eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Izaten dira partida historikoak. Gehigarrien azken orrian atzera begirakoetan irteten direnak. Jokoan dagoenaren garrantziagatik izaten da askotan, lortu dena bera historikoa delako bestetan, edo partidak berak izan duen bilakaera guztiarengatik askotan. Atzo Uruguaik eta Ghanak jokatu zutena gehigarrien atzera begirakoetan irtengo da. Eta osagai guztiak izan zituelako irtengo da. Jokoan zegoenagatik: historian lehen aldiz finalerdietan aritzeko aukera Ghanarentzat, Afrikako selekzio batentzat, eta 40 urte geroago lau onenen artean sartzeko aukera Uruguairentzat.

Baina, batez ere, partidak berak izan zuen bilakaerarengatik: lehen gola Ghanak, bigarrena Uruguaik, eta luzapena. Luzapeneko azken minutuan Luis Suarezek Appiharen burukada eskuz sareetatik atera eta txartel gorria. Penaltia alde Ghanak, eta penaltia huts Gyanek. Penaltietara partida. Lehen bostak barrura eta Mensah Ghanakoak kale. Urugaiko Pereirak kale. Baina Adiyiahek ere kale. Abreu Eroa-rean aukera eta Panenka erara gola eta sailkapena Realeko jokalari ohiak. Uruguairen poza eta kontinente oso baten negarra. Ghanarekin joan ziren atzo Afrikaren itxaropen guztiak. Hura zen azken ordezkaria, baina egon daitezke harro izan duten azken ordezkariaz.

Gorabehera askoko lehia izan zen atzokoa. Errespetu handiz hasi ziren bi taldeak. Lotuta biak. Baina azkarrago askatu zen Uruguai Ghana baino. Joko sinplea eta eraginkorra: atzean ongi jarri, zelai erdian baloia lapurtu eta ahalik eta azkarren Luis Suarez eta Forlan topatzen saiatu. Luis Suarezenak izan ziren Uruguairen lehen aukerak. Erantzukizunak preso hartuta ari zen Ghana. Jokorik sortzen asmatu ezinda, presioan min egin ezinda...

Erreakzionatu beharra zeukan Ghanak, eta horixe egin zuen. Erreakzionatu. Vorsharen burukada bat eta Gyaren kontraeraso bat. Ez zuen besterik behar izan. Uruguai desagertu egin zen bapatean. Luganoren lesioa, Fucileren konorte galtzea... Tokia galdu zuen erabat, eta gainera etorri zitzaion Ghana. Hobeto ari ziren ordurako, baina Muntarik 47. minutuan ezkerrez eta urrutitik sartutako golak hobetu zuen ordura artekoa. Ikustekoa zen Ghanako jokalariak nola bildu ziren zelaian aldagelara sartu aurretik, elkarri bigarren zatia buruarekin jokatu behar zutela esanez.

Ez zuen buru askorekin jokatu, ordea, Kingson atezainak bigarren zatia hasiberritan. Hesia jarri eta hesiaren atzean jarri zen bera. Forlanen falta jaurtiketa hesiaren gainetik pasatzen ikusi zuen, baina ez zion antzik eman. Sareetara baloia, eta 1-1 partida. Ederra Uruguairen lasaitua. Lehengo tokian zeukan partida, baina ez zuen erabakitzen asmatu. Uruguaik ez zuen asmatu eta Ghanak ez zion asmatzen utzi. Trabatu egin zen jokoa eta nekea hasi zen agertzen. Uruguaitarren aldean gehiago Ghanakoen aldean baino. Itxura horrekin iritsi zen partida luzapenera.

Eta luzapenean berpiztu egin zen Uruguai. Bai behintzat luzapeneko lehen zatian, erasokorrago aritu zelako Ghana baino, baina arrakastarik gabe. Luzapeneko bigarrenean Ghana izan zen erreakzionatu zuena, eta azken minutuan izan zuen partida eskura. Huts egin zuen, ordea, penaltia. Eta huts egin zuen penaltietara. Uruguai Herbehereen kontra ariko da finalerdietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.