Golak: 1-0: Gabilondok (20. min.). 2-0: Susaetak (46. min.). Epailea: Bas Nijhuis (Herbeher.). Txartel gorriak: PSGko Sissokori (52. min.). Txartel horiak: Athleticeko Aurtenetxe, Iraizoz eta Muniaini; eta PSGko Bodmer, Tiene eta Cearari. Bestelakoak: 30.000 ikusle San Mamesen. Istiluak izan ziren PSGko zaleekin.
Ez hiru eta ez bost; lauko atzeko lerroa. Javi Martinez euskarri postuan, bere postuan. Hegaletan ezker-eskuin on bana, Gabilondo eta Susaeta —Iraola eta Aurtenetxe gora eta behera dabiltzala—. Aurrean gola sartzen ahaztuta ere, dorre handi bat, Llorente. Eta atzetik bi bihurri ipurterre, atzelarientzat amesgaizto bihurtzen diren mugimenduak egiten abilak diren bi jokalari txiki: Muniain eta De Marcos. Bakoitza bere lekuan jarrita, aurkariari baloia kenduta eta oldarkor jokatuta, futbola hain zaila ere ez dela erakutsi zuen atzo Athleticek. Zuri-gorriei aldrebestu egin zaie denboraldi hasiera, Espainiako Ligan batez ere —lehen hamabost puntuetatik bi lortu dituzte—, baina konfiantza ukitu onarekin joango ziren atzo etxera. Europako Ligako ligaxkako lehen bi partidak irabazita, F multzoko sailkapen buruan daude bilbotarrak.
Petrodolarren berotan osatutako talde handia zeukan atzo parez pare Athleticek, Paris Saint-Germain. Baina lehen zati bikaina jokatu zuten zuri-gorriek. Goi-goian presioa eginda, hegaletatik min handia egin zuen Athleticek, eta Muniainek ere mugimendu erakustaldia eman zuen barrualdetik. 20. minuturako aurretik ziren etxekoak, Iraola, De Marcos eta Llorenteren artean egindako jokaldi dotorea are dotoreago amaitu zuelako Gabilondok, bolea batekin. Etxekoen bigarren gola, berriz, Susaetak sartu zuen, lehen zatia amaitzear zenean. Aurtenetxeren erdiraketa ona sareetara bidali zuen erdilariak.
Lehen zati ona jokatuta ere, Athleticek ez du asmatzen partidak ixten, eta Erdingek batez ere, bizi hasi zuen bigarren zatia. Baina Sissokori ateratako bigarren txartel horiak baretu zituen frantziarrak, 52. minutuan. Muniainen pare bat jokaldi eder gorabehera, apenas izan zen jokorik bigarren zati horretan.
ATHLETIC 2. PSG 0
Uste baino sinpleagoa da futbola
Oso partida serioa jokatuta, Athleticek eskura dauka Europako Ligako hurrengo faserako txartela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu