Ustekabekorik gabe

Hernani, Zazpi Iturri eta Uharte zerrendaburuak, BERRIA Txapelketako final-laurdenetarako sailkatu dira

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ustekabekorik gabe garatzen ari dira BERRIA Txapelketako final-zortzirenak. Kanporaketa guztietan zerrendaburuak egin dute aurrera, eta iragan asteburuan hiru izan ziren final-laurdenetako txartela lortu zutenak: Uharte, Hernani eta Amezketako Zazpi Iturri. Nafarrek Aurrera Saiaz izango dute hurrengo kontrario, beste bi seikoteek, aldiz, elkarren aurka jokatuko dute martxoko bigarren asteburuan.

Uharte 2. Zaramaga 1

KADETEAK

Larunbe-Sarasa 22

Sevilla-Kandela 5

GAZTEAK

Zamora-Andueza 7

Larrañaga-Agirre 22

NAGUSIAK

Loban-Tabar 22

Mikel-Perez 16

Kanporaketa duela hiru aste jokatzekoa zen, baina elurrarengatik iragan ostegunera arte atzeratu zen. Uhartek Gasteizko Zaramaga kanporatu zuen Hernanin, baina ez zen lan erraza izan. Lehen partidan Larunbe eta Sarasa nafarrek nagusitasunez irabazi arren (22-5), Zaramagak gazte mailakoan berdindu zuen lehia.

Partida orekatua espero zen, baina Larrañaga eta Agirre gasteiztarrek ez zieten aukerarik eman aurkariei (22-7). Larrañagak hamar tanto lortu zituen saketik, eta Agirre atzelaria nagusi izan zen piloteoan. Kanporaketa nagusi mailako partidan erabakiko zen, eta hasiera gogorra izan zuen —12nakoa zazpigarren berdinketa izan zen—. Gasteizko bikoteak indartsuagoa zirudien, baina azken txanpan Lobanek eta Tabarrek gora egin zuten. Azken hori izan zen laukoteko onena. Dagoeneko ez dago Arabako talderik lehian.

Hernani 3. Oteiza 0

KADETEAK

Arteaga-Aranguren 22

Unanue-Lasa 8

GAZTEAK

Urkizu-Murgiondo 22

Alberdi-Juaristi 8

NAGUSIAK

Esnal-Aizpitarte 22

Andueza-Zendoia 15

Hernanik etxeko pilotalekuan kanporatu zuen Azkoitiko Oteiza iragan larunbatean. Oreka gutxiko kanporaketa izan zen, Hernaniko bikoteek nagusitasunez irabazi zutelako hiru mailetan. Kadete mailako partidan Aranguren atzelaria nagusi izan zen koadro luzeetan, eta aurrean, Arteagak ondo baliatu zuen kidearen lana guztira hamalau tanto lortzeko.

Gazte mailakoak emaitza berdina eta antzeko itxura izan zuen. Lehen tantoak parekatuak izan ziren (4-4), baina Urkizuk eta Murgiondok berehala ireki zuten tartea (10-4), eta ondo eutsi zioten bukaerara arte. Hernanik 28 tantoren aldea pilatua zuen, eta nagusi mailako partidan ez zegoen deus ere jokoan. Hura izan zen politena, urduritasunik gabe libre jokatu baitzuten bi bikoteek. Jardun horretan Esnal aurrelari beteranoa nabarmendu zen, eta, berak egindako hemezortzi tantoei esker, Hernanik 22-15 irabazi zuen.

Zazpi Iturri 3. Danok Lagunak 0

KADETEAK

Altuna-Erasun 22

Lopez-Orell 4

GAZTEAK

Irribarria-Tolosa 22

Rey-Arandia 7

NAGUSIAK

Olaetxea-Santxez 22

Lopez Aldai-Diez 8

Zazpi Iturri iazko txapeldun eta aurtengo aldiko faborito nagusietako batek oso indartsu ekin zion txapelketari iragan igandean. Ortuellako Danok Lagunak-en aurka jokatu zuen Araman (Gipuzkoa), eta Amezketako bikoteak jaun eta jabe izan ziren hiru partidetan. Kadeteetan, Altuna aurrelaria nabarmendu zen emozio gutxiko partida batean (22-4).

Gazte mailan Irribarria kadeteak Jaka ordezkatu zuen —aurrerantzean ezingo du kadeteekin jokatu—, eta Tolosarekin bikote eginez eroso irabazi zuen (22-7). Ortuellakoek hasieran eutsi zioten partidari (5-4), baina aurkariek 10-2ko partzial batekin hautsi zuten lehia. Nagusien partidarako dena erabakita zegoen, eta hura ere ez ona izan. Kanporaketa galduta izateak ez zion mesederik egin Danok Lagunak-eko bikoteari, eta Olaetxea eta Santxez askoz gehiago izan ziren (22-8). Aurrelariak hamalau tanto egin zituen.

Hurrengo asteburuan final-zortzirenetako azken bi kanporaketak jokatuko dira. Larunbatean, Tolosako Beotibarren (11:00), Burlatako Zugarraldek eta Markinak neurtuko dituzte indarrak. Igandean, berriz, Hernaniko pilotalekuan (11:00), Andoaingo Gaztelekuk Iruñeko Oberenaren aurka jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.