Ingurunea harrigarria da. Udazken hitzak zentzua hartzen du Zurukuainen, Nafarroaren bihotzean, Lizarratik ez oso urrun. Kolore marroi, berde eta gorrixka kaleidoskopioa da. Auto handiak buruz daki Iruñetik harainoko bidea. Musika gogorra CDan; salbuespena da. «Lehen, Su Ta Gar entzuten nuen; orain, Pirritx eta Porrotx baino ez»: Juan Martinez de Irujori bezala (Ibero, Nafarroa, 1981), Euskal Herriko guraso askori pasatu zaie. Uzta goiztiarra izan zen Aroa upategiko mahastietan, eta hilabeteak dira mahatsik ez dagoela, baina hostoek hor diraute. «Udan ikusi beharko zenuke: zoragarria da». Aholku ona, esaldi bakarrarekin deskribatu ditu inguruko laurogei hektareak. Egoitzak itxura modernoa du, ausarta, eta ardo ekologikoa ekoizten dute bertan. Iberokoa bazkide sartu da negozioan; pilota profesionalak ahalbidetu dion inbertsioa. «Erretiroa hartzen dudanean ez dakit lan egin beharko dudan, baina argi dut ezingo naizela gora begira egon. Nire ardurak izango ditut; martxan jarritakoak zaindu. Are gehiago, ezer egin gabe ez nuke egon nahi».
Uzta ona izan dutela dio Irujok, eta ardoa sona hartzen ari dela, gorria bereziki, «baina denak dira onak», zehaztu du. Upategiko erraietan barrena paseatuz mintzatu da BERRIArekin. Hilabete pasa behar izan zuen mahats biltzaileen kuadrillak dena biltzeko, eta sotoa upelez betea dago, solasaldiaren egurrezko lekukoak. Pilotariak ez zien lagundu, baina hala egin izan balu, ez zen izango belaunak lurrez zikintzen duen lehen aldia. «Iberon mahastiak ere badaude, baina ezagunena gereziak dira. Lehen lan kontratua Asperekin sinatu nuen, baina aurretik herrian ere lan egin nuen, udalarentzat. Herrian zerbait konpondu behar bazen, niri esaten zidaten, edota norbait hiltzen zenean, hobia egiteko». Ikasketak utzita, euskaltegian zebilen eta gogor entrenatzen. Pilotaren aldeko apustua egin zuen.
Urteekin apustua ondo irten zitzaion, Irujoren pilotari uzta ere oso oparoa izan delako. Lehen soldata zertan xahutu zen ez da oroitzen. «Ez naiz gutizia zalea; asko jota, ardo edo jaki onak. Agian, automobilerako musika aparatu on bat erosiko nuen? Ez naiz oroitzen. Gerora bai. Lehen inbertsio garrantzitsua etxea erostea izan zen». Aldiz, ondo oroitzen da Asperekin kontratua sinatu zueneko eguna. «Eibarren izan zen. Aitarekin eta osabarekin joan nintzen. Aita munduan pilotari buruz gehien dakien pertsona da, eta osaba, profesional izandakoa. Enpresaren aldetik, Mutiloa eta Bidarte zeuden. Aurretik beste bilera bat izan genuen. Baldintzak aztertu eta sinatu egin genuen». Egun hartan bilakatu zen pilota bizibide, baina ez zuen dirua buruan. «Nire izena elastikoan idatzita ikusteak ilusioa egin zidan. Xehetasun bat da. Debuta gertu zegoen».
Aspe hautatu zuen, «interes handiagoa erakutsi zuelako». Asegarcek ere jo zuen atea. «Haiekin ere entrenatu nintzen», gogoratu du. Kontratu eskaintzak argitu zizkion zalantzak. «Biek lau urte eskaintzen zizkidaten, baina nik bi nahi nituen, merezi nuela erakusten banuen baldintzak hobetzeko, eta hala ez bazen, kalera joateko arriskua zegoen. Bi urte aski ziren pilotarako balio nuen edo ez ikusteko. Asegarcek ez zuen onartu, Aspek bai, eta, besteak beste, horregatik sinatu nuen». Esker onez hitz egiten du Eibarko enpresaz, eta lehen hartu-emana gogoan du. Elgoibarren izan zen. «Elite mailako torneoko partida zen, binaka, Iriarte eta biok Eguskiza-Altunaren aurka. Galdu egin genuela uste dut. Harmailetan Mutiloa, Bidarte eta Etxaniz ikusi nituen. Urduritu egin nintzen. A zer presioa. Gaur ondo jokatu beharko dugu pentsatu nuen».
Aspeko pilotariekin entrenatzen hasi zen orduan, Uharten, beteranoz inguratuta. Orain ere multzoa du —Beroiz, Ongai eta Ezkurdiarekin egiten du lan—, baina nostalgia azaleratu da orduko kideak gogoratzean. «Uharteko multzoa ginen. Gazte iritsi eta han zeuden Fernando Goñi, Oskar Lasa, Eulate, Chafee, Barriola… asko ikasi nuen haiekin, pilotaz, bizitzaz… Oso eskola ona izan zen». Batek, baina, besteen gainetik harritu zuela aitortu du. «Patxik [Eugi]! Harrigarria zen hura pilotalekuan entrenatzen ikustea. Nola ibiltzen zuen pilota; ikustekoa zen haren joa».
Jardun profesionala eskuzabala izan da Irujorekin, pilotaria bera harritzeraino. «Nola pentsatuko nuen nik hamalau final jokatuko nituela zortzi urtean! Inondik ez nuen espero. Ni pilotan jokatzearekin konformatzen nintzen». Eta aurreikuspenen langa beherago jarrita? Estelarista. «Entrenatzen hasi nintzenean gogoan dut 2. Mailakoa binakakoan zebiltzanak izugarri jokatzen zutela iruditzen zitzaidala. Baina, tira, jokatzen hasi, eta 'agian nik honetarako balio dut?' esaten nion neure buruari. Eta estelarrak? Pentsa, aurrenekoa Ceniceron jokatu nuen, Titin ordezkatuz, eta autobus bat antolatu zuten nire herritik!».
Sanferminetako txapela
Askok dioten arren, Irujok ez du uste pilota berak irauli zuenik. «Titinek egin zuen hori. Nik jokatzeko nire modua dut». Halere, badirudi bere arrakasta goiztiarraren eraginez enpresen pazientzia murriztu egin dela, eta zalantza gutxiago dituzte gazteen kontratuak eten aurretik. Pilotariak ez du halako ardurarik nahi bere gain. «Nik ez dut hala ikusten, ez nator bat; nik ez nuen irizpidea aldatu. Hori bai, egia da gazteei kosta egiten ari zaiela goian finkatzea. Binaka jokatzen dudanean beti urdinez nabil, baita txapelketan ere, eta horrek esan nahi du aurkariak ni baino beteranoagoak direla. Eta nik zortzi urte daramatzat profesionaletan».
Iberokoak zeresan handia eman zuen lehen partidatik. Binakako lehen txapelketan finalean sartu zen, baina izarra lehen buruz burukoan iritsi zen. Urtebete baino gutxiago profesionaletan, eta txapel preziatuena irabazi zuen 2004an. Bere buruan sinetsi zuen kontratua sinatzean, eta ondo irten zitzaion apustua. «Txapela irabazi eta hiru astetara konturatu nintzen zer egin nuen, sanferminetan. Ia ezin nintzen kalera irten: ikaragarria izan zen. 2003ko sanferminetan jendeak ezagutzen ninduela nabaritzen nuen, baina 2002ko sanferminetatik 2004koetara mundua aldatu zen. Pentsa, oporretan joan Karibera, eta han ere batek baino gehiagok ezagutzen zintuen».
Mundua, eta pilotariaren ibilbidea aldatu zuen. «Jendeak zorrotz aztertzen zaitu, baina ez naiz kexatzen. Maite dudana egitetik bizi naiz; pribilegiatua naiz». Irujoren ibilbidean dena da esajeratua: abiada, jokoa... Zortzi urtean lorturikoak, sinestezinak, baina ia txapelek adina zeresan eman dute haren haserrealdiek. Ez dago urrun lau t'erdiko azken partidan erakutsi zioten txartel beltza. «Esajeratu egiten da nire izaerarena. Nik keinu txar bat izan dudan bakoitzean gero barkamena eskatu izan diot epaileari. Are gehiago, ni epaileen %98rekin konpontzen naiz ondo». Orduan, %2rekin gaizki. «Ezinezkoa da mundu guztiarekin ondo konpontzea». Gaia bukatutzat eman du.
Enpresaria da orain. Pilota profesionala desberdin ikusi beharko luke. Garai txarrak dira ekonomiarentzat, eta pilota enpresak diru sarreren jaitsierarekin kexu dira. Asko dira Aspe eta Asegarceren arteko bat egite bat aurreikusten dutenak. «Nahiko elkarrekin daude dagoeneko. Ez luke mesederik egingo: lehia behar da», aletu du pilotariak. Eta etorkizuna? «Pilotak badu etorkizuna. Pilotalekuetara zenbat jende joaten den ikusi baino ez dago. Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe? Hori bai, egia da jende askori etxetik ikustea gustatzen zaiola, telebistaz, eta agian ikusle horri errentagarritasuna ateratzen asmatu beharko lukete enpresek». Enpresa ikuspegia da, eta, dioenez, kosta egiten zaio pilota profesionalaz gaizki hitz egitea. Dena den, bere kritika laburbiltzen asmatu du. «Oso argi izan behar da negozio bat dela».
Pilota. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala
Uzta oparoa
'Arrakasta' da Juan Martinez de Irujoren zortzi urteko ibilbide profesionala laburbiltzen duen hitza. Lanbideaz mintzatu da: kontratuez, lehen soldataz, enpresez... eta bere etorkizunaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu