Mark Cavendishen (Deceuninck) markak igandera arte itxaron beharko du. Eddy Mercxen errekorra hausteko etapa aproposa zirudien gaurkoa, baina ihesaldiak ametsa zapuztu dio Man Uharteko esprinterrari. Matej Mohoric (Bahrain) izan da ihesaldiko txirrindularirik indartsuena, eta berarentzat izan da Tourreko hemeretzigarren etapa. Esloveniar gazteak bigarren garaipena du hau aurtengo ekitaldian. Esku hutsik ez du alde egingo Frantziako Tourretik.
Jo ikaragarria izan da etapako lehen ehun kilometroetan, eta ihesaldiari asko kostatu zaio tropeletik aldentzea. Deceuninck taldeak ihesaldia kontrolpean eduki nahi zuela zirudien lehen ehun kilometroetan, baina aurreko multzoan Ballerini sartu, eta 82 kilometroren faltan, hogei lagunek osatutako taldeak bi minututik gorako aldea eskuratzea lortu du. Bi minutuko langa pasata, aitaren batean, hamar minutu inguruko abantaila hartu du ihesaldiak. Lasterketa buruko talde horretan sartu da Ion Izagirre (Astana).
Helmugarako 47 kilometroren faltan, gauzak nahasten hasi dira ihesaldiko taldean. Ezaugarri ezberdinetako jendea izanik, bakoitzari komeni zitzaionaren arabera hasi da jokatzen. Txirrindulari guztiak norberaren mesederako hasi dira lanean, elkar erasotzen eta sekulako zalaparta sortuz lasterketa buruan. Gutxinaka-gutxinaka, lasterketa burutik iheslariak erortzen joan dira, harik eta taldea hamar txirrindulariekin geratu den arte.
Garaipena haien artean lehiatu beharra zutela zirudien, baina halako batean, helmugarako 25 kilometrotara, Matej Mohoricek erasoa jo, eta bakarrik alde egin du. Esloveniarrak Le Grand Bornand-en erakutsi zuen bakarkako lanetan ondo moldatzen dela, eta gaur, bakarrik bidea egiteko gaitasuna duela berretsi du. Kilometroak aurrera egin ahala, lortutako abantailari eutsi ez ezik, aldea handitu ere egin du, minutu ingurura eramanez. Atzeko taldean ez da akordiorik egon, Bahraingo ziklistaren mesederako. Lortutakoa sinistu ezinik sartu da Mohoric Libourneko helmugara. Garaipen bat gutxi ez, eta bi eskuratu ditu aurtengo ekitaldian.
Ion Izagirre izan da euskaldunik onena helmugan. 18. postuan sartu da ormaiztegiarra. Ihesaldian erasoka hasi direnean, atzean geratzen lehenengoetakoa izan zen Astanakoa, eta ezin izan du garaipenaren borrokan ibili.
Sailkapen nagusiko lehen postuetan ez da aldaketarik egon. Eguneko ihesaldiari bidea egiten utzi diote lasterketako bigarren erditik aurrera, eta garailearengandik hogei minutu pasatxora helmugaratu dira. Bihar, Libourne eta Saint-Emilion artean dauden 30,8 kilometroak osatu beharko dituzte erlojuaren aurkako saioan, Parisera iritsi aurreko azkeneko etapan. Ezusteko handirik ezean, Pogacarrek maillot horiarekin jarraituko du, baina gainontzeko ziklistek adi egon beharko dute, sailkapen nagusian postuak dantzan ibil baitaitezke. Aurreko ekitaldikoan gertaturiko triskantza adibide garbia dute.