ERRUGBIA

V. Australia-Ingalaterra, berriro

V. Munduko Kopako finalerdiak

DONOSTIA
2003ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Azkenean, ustez pixkanaka behera egin zuten bi taldek jokatuko dute Munduko Kopako final handia, heldu den larunbatean: Australiak eta Ingalaterrak. Final hori 1991n jokatu zuten, Londresko Twickenham zelaian, eta Australiak lehen txapela jantzi zuen, 12-6 irabazita. Beraz, larunbatean, alderantzizko kontuak izango dira, orduan Ingalaterrak etxean jokatu zuelako eta larunbatean australiarren zelai magikoan ariko direlako: Sydneyko Olinpiar Estadioan.

Orduan ere, Zeelanda Berriak hirugarren posturako lehia jokatu behar izan zuen Eskoziaren kontra, eta 13-6 irabazi zuen. Hain justu, finalerdietako bat Australiak eta Zeelanda Berriak jokatu zuten, joan zen larunbatean bezala, eta australiarrak gailendu ziren: 16-6. Bestalde, Australiak hirugarren finala jokatuko du, eta Ingalaterrak bigarrena.

Herenegun, euria egin zuen Sydneyn, eta bere baldintzak ezarri zituen Frantzia-Ingalaterra bigarren finalerdia erabakitzeko. Jakina da Frantzia ongi moldatzen dela joko bizi eta irekian, hirugarren lerroak eskuratzen dizkion baloiak baliatuta. Ingalaterra, berriz, ahalmentsua da aitzineko multzoan, eta ez da gaizki moldatzen hiru laurdenetako lerroarekin.

Cattek laguntza Wilkinsoni

Ingelesek bazekiten eguraldi horrekin baloiak irabazita, txartela eskuratzeko aukera ukanen zutela. Oso baloi gutxi helarazi zuten hegaletara, eta, horregatik, ez zen aukerarik izan Robinson eta Cohenen eraso arriskutsua. Arrosa-koak joko motzean ahalegindu ziren zigor kolpeak eragiteko, eta horrela irabazi zuten partida. Wilkinsonek egin zituen 24 puntuak jaurtiketetan, eta Michalakek baino askoz hobeto jardun zuen, bi aukera galdu arren.

Halere, alboan Catt ukan zuen, eta izugarrizko laguntza eman zion. Frantziarren 3. lerroak ez zuen egun ona izan, eta ez zen gai izan ingelesen aitzineko multzoa hausteko. Soilik eskasetan aritu ziren haien parean. Defentsan jardun behar izan zuten zati handi batean, eta, Dominici eta Betsen 10 minuturako egotzi zituen epaileak.

Pixkanaka, baloiaren jabetzan eta zelaia hartzen nagusitu egin zen Ingalaterra. Partidako lehen entsegua Betsenek egin zuen, eta bideoa behar izan zuten, ez baitzen oso garbia izan. 6-7 zirela, Rougeriek entsegu aukera ukan zuen, baina Cohen lehenago heldu zen. Atsdenaldira 12-7 heldu ziren.

Bigarren zatian, Ingalaterrako aitzineko multzoak areagotu egin zuen alperraren lana eta ez zion aukerarik eman Frantziari. Gainera, 76. minutuan ingelesak entsegu lerroraino heldu ziren, baina ezin pausatu baloia. Azkenean, Ingalaterrak aurreikuspenak bete eta finalean izango da. 3. posturako lehiak ez du eraginik izango Hurrengo Mundialerako, final-laurdenetan aritu zirenak sailkatuta baitaude.

Leonardek Sellaren marka ondu du 112. partida jokatuta

Ingalaterrako Jason Leonard harroinak ez zuen hasieratik jokatu, baina 4. minutuan Vickery ordezkatu zuen, eta hala, 112. partida jokatzea lortu zuen arrosa-koekin. Gainera, partidaren amaieran Woodmanen ordez zelairatu zen. Beraz, selekzio batekin partida gehien jokatu duen jokalaria da. Frantziako Sellaren marka ondu zuen, Sellak 111 partida jokatu baitzituen. Leonardek Ingalaterrako Harlequins taldean jokatzen du, eta 35 urte ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.