Valentino Rossi hasi da kritika eta zalantza guztiak uxatzen

Txinako Sari Nagusia jokatuko da bihar; Lorenzo, ziurrenik, ez da irtengo, erori eta min hartu baitu

unai zubeldia
2008ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Entrenamenduetatik ezin da ondorio handirik atera, baina lehen entrenamendu saioetan emaitza onak lortzea seinale ona izaten da asteburu guztirako. Entrenamenduak horixe dira, entrenamendu soilak, baina Valentino Rossi italiarrak (Yamaha) gainerako aurkariek lortu ez zutena lortu zuen atzo Shanghain, Txinako Sari Nagusiko entrenamenduetan: bi minutuko langatik jaistea (1.59,906). Oso erritmo bizia lortu du Rossik Txinan, eta badirudi Michelin etxeko gurpilei etekina ateratzen hasi dela Yamaha.

Denboraldi hasiera ona egin du italiarrak. Qatarren bosgarren amaitu zuen, txapelketako lehen proban, baina ondorengo bietan proba irabazteko borrokan ibili da. Xerezen, Espainiako Sari Nagusian, bigarren amaitu zuen, Dani Pedrosaren (Honda) atzetik, eta Losailen, Portugalgo Sari Nagusian, hirugarren, Jorge Lorenzo (Yamaha) eta Pedrosaren atzetik. Onenekin borrokan dabil, denbora onenetatik oso gertu dabil, baina onena izatea falta zaio. Qatarren Casey Stonerrek (Ducati) irabazi zion, Espainian Pedrosak, eta Portugalen Lorenzok. Rossiren hiru aurkari zuzenek, alegia.

Baina, ezuste handirik ezean, Rossiren aurkarietako bat ez da izango biharko irteeran. Lorenzo kataluniarrak eroriko ikusgarria izan zuen atzo, entrenamenduetan, eta ezker hankan haustura txiki bat dauka. Hospitalera eraman zuten berehala Pedrosarekin batera sailkapen buruan dagoen pilotua, eta eguerdirako senda-agiria eman zioten arren, ez dirudi gaur goizeko entrenamenduetan aritzeko moduan izango denik. Lorenzori ez zioten ebakuntzarik egin, baina Claudio Costa zirkuituko medikuak adierazi zuenez, «oso zaila» izango da kataluniarra moto gainean jartzea.

Hala ere, Davide Brivio Yamahako managerra itxaropentsu zegoen atzo. «Zorte txarra izan du kolpearekin, baina bihar [gaur] entrenamenduetan parte hartzen saiatuko dela espero dut. Onena opa diogu». Lehenengo, bigarren eta hirugarren izan da Lorenzo txapelketako lehen hiru probetan, eta saiatuko da ahal duen moduan parte hartzen, Rossik eta Pedrosak sailkapenean ahalik eta puntu gutxien kentzeko.

Pedrosa orain arte bezain sendo aritu zen atzo. Hirugarren denborarik onena egin zuen, Rossirengandik lau ehunenekora, eta bihar aurreko multzoan izango da. Baita Stoner iazko txapelduna ere. Qatarren denboraldiko lehen proba irabazi zuenetik arazo ugari izan du Ducati motoarekin, baina atzo bigarren denbora lortu zuen. Lasterketako erritmoa berreskuratuz gero, aurkari arriskutsua izango da australiarra.



BAUTISTA ETA KALLIO 250 CC.-KOAN. Alvaro Bautistak (Aprilia) irabazi zuen Portugalgo Sari Nagusia, Estorilen, eta atzo ere berak lortu zuen 250 cc-ko proban denborarik onena, Mika Kallio (KTM) eta Hector Barberaren (Aprilia) aurretik. Bautistak seigarren amaitu zuen Qatarren, eta Espainiako Sari Nagusian, lasterketa buruan zihoala, erori eta ez zuen proba amaitu. Oso moto azkarra dauka hala ere, eta, horren erakusgarri, Kalliori ia lau ehuneneko aldea atera zion atzoko entrenamenduetan.

125 cc-ko proban, berriz, Stefan Bradlek (Aprilia) lortu zuen denborarik onena lehen entrenamendu ofizialetan, Bradley Smith (Aprilia) eta Nico Terolen (Aprilia) aurretik. Efren Vazquez bilbotarrak gustura amaitu zuen atzoko saioa, 16. denborarekin, baina «erritmo onarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.