Valentzia Vettelena da

Kanadan bezala, Vettel, Hamilton eta Maldonado irtengo dira lehen hiru tokietatik gaur Valentzian

Valentzia Vettelena da.
Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Pixkanaka ari da Red Bull iazko sasoia harrapatzen. Hala erakutsi zuen atzo Sebastian Vettelek, urteko hirugarren pole-a lortuta, Valentzian korritzen den Europako Sari Nagusian. Hala, aurten pole gehien lortu duen gidaria bilakatu da, eta bigarrena du erreskadan Kanadakoaren ondotik. Valentziako zirkuituak ez ditu autoen arteko aldeak nabarmentzen; inoiz baino elkartuago izan ziren denak. Vettelek bakarrik jarri zuen tartea gainerakoen artean, inor baino azkarrago izan baitzen.

Denborak horren pareko izanik, edozein gabezia aski izan zen hurrengo sailkapenerako bidean gelditzeko. Hori gertatu zitzaien Mark Webberri (Red Bull), Felipe Massari, Fernando Alonsori (Ferrari) eta Michael Schumacherri (Mercedes). Webberrek egun beltza izan zuen, autoaren arazo hidraulikoek apenas utzi baitzioten gidatzen. Massak eta Alonsok ez zuten huts nabarmenik egin, baina, eta milareneko batzuk erabaki zuten haien zorigaiztoa. Estrategia behintzat nahierara aukeratu ahal izango dute. Gaitz erdi. Schumacherrek ez zuen asmatu atzo ere, nahiz eta Pirellik faborito nagusitzat zeukan.

Vettel eta Hamilton dira, Alonsorekin batera, titulurako hobekien kokatuta daudenak. Espainiarra atzera samarretik irtengo dela eta, horri etekina atera behar diote, gutxitan izango baitituzte halako aukerak. Aurreraketak ez dira errazak, DRSa laguntza baliagarria bada ere. Alonsok aurrera egingo du lasterketan, punturen batzuk lortzeko moduan, baina txapelketari begira atzerapausoa emateko arriskuan da. Vettelek irabazi du azken bi urteetan Valentzian, eta atzoko nagusitasuna kontuan hartuta, gertu izango du kopuru hori handitzea.

Duela hiru lasterketa Bartzelonan gertatu bezala, Maldonado agertu zen ezustean, hirugarren denbora onena eginez. Badirudi mediterranear kresalak mesede egiten diola Williamsi, azken lasterketetan behera egin baitzuen. Azkenaldian garaipenetik gertu dabilena Lotus da, Romain Grosjean eta Kimi Raikkonenekin. Gaur egingo duen beroak haien mesederako izan behar du, eta Grosjeanek ostiraleko saio luzeetan zuen erritmoa ikusita, azken itzulietan Kanadaren antzeko ikuskizuna errepika daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.