Iragan asteazkenean Sevillaren aurka jokatu partidaren antz handia du gaur iluntzean Osasunak Valentziaren aurka jokatu beharreko norgehiagokak. Valentzia talde handia da, Sevilla bezalaxe, baina denboraldiko unerik larrienetako batean iritsiko dira valentziarrak Nafarroako Erresumara, asteazkenean Sevilla bezalaxe. Osasuna ez zen Sevilla baino gutxiago izan, baina berdinketarekin konformatu behar izan zuten gorritxoek. Okerrago jokatu arren, Valentziaren aurka irabazi egin nahi du Zigandak, orain. Bi hilabete daramatza Osasunak etxean partidarik irabazi gabe, eta Valentziaren balizko krisia areagotuz, gaur irabazi egin nahi dute nafarrek zaleen aurrean. Hori bai, Ziganda ez da fio Valentziaren ustezko krisiarekin. Etxetik at jokatu zazpi partidetatik bost irabazi ditu Valentziak, eta Txapeldunen Ligako postuetatik hiru puntura dago. Ez dira krisian dagoen talde baten datuak.
«Gol asko jasotzen ari dira eta hori harrigarria da, sendotasuna izan baita Valentziaren ezaugarri nagusia azken urteetan. Baina une txar batean egon arren, Txapeldunen Ligako postuak hiru puntura soilik dituzte, eta horrek gauza bat argi uzten du: gaizki egonagatik irabazi egiten duela Valentziak. Ezin dugu geure burua engainatu, Valentzia ondo ari da etxetik at. Atzean sendo agertu dira etxetik kanpoko lehietan, eta kontraerasoan eroso jokatzen duen taldea da , aurkariaren ate ingurura bi aldiz iritsi eta hiru gol egiten dituzten horietakoa», esan zuen gorritxoen entrenatzaileak atzo, badaezpada.
Baina Valentziako zaleak ez dira sailkapeneko seigarren postuan egotearekin asetzen, eta Quique Sanchez Flores entrenatzailea egotzi zutenean taldea Txapeldunen Ligako postuetan zegoela jakinik, iragan asteburuan Athleticek Mestallan 0-3 irabazi ostean gertatu dena gertatzea ez da harritzekoa. Soler presidenteak ezin du beste inor bere kargutik kendu,ordea: kirol zuzendariak urtetik urtera aldatu ditu ia-ia, eta Koemanek hilabete soilik darama Mestallan entrenatzaile lanetan. Zaleek Soler bera dute orain kritiken jomugan. Eta, bienbitartean, sasoi honetarako fitxatu jokalariek egin dezaketen ekarpenaren arrastorik eskaini gabe jarraitzen dute: Manuel Fernandes, Zigic, Mata, Arizmendi, Helguera, Hildebrand eta Sunny fitxatu zituen udan Valentziak. Taldea Txapeldunen Ligako final-zortzirenetatik at geratu da jada, eta datorren asteartean Chelsearen aurka Londresen jokatu behar duten azken partida irabazi arren, UEFArako sailkatzea ere zaila dute valentziarrek. Krisian daude, bai.
Valentziaren krisia gustura hartuko lukete hain giro nahasia bizi ez duten beste hainbat taldek, halere. Osasunak berak, esaterako. Sasoia hasiz gerotik, behin baino gehiagotan erakutsi dute gorritxoek futbolean ondo jokatzen badakitela, baina partidak irabaztea nahi baino gehiago kostatzen ari zaie, ordea. Zigandak badaki Valentziari irabaziz gero baikortasuna izango dela nagusi Osasunaren inguruan, baina irabazten ez badute ezkortasuna nagusituko da, baita ondo jokatzen badute ere: «Valentziari irabaziz gero aste bikaina izango da guretzat, zortzi egunen buruan zazpi puntu irabazi izango baititugu. Baina Valentziari irabazten ez badiogu, ez da aste bikaina izango. Asteazkenean sentsazio onak izan genituen Sevillaren aurka, baina bi puntuk ihes egin ziguten, eta irabaztea da garrantzitsuena orain. Bi hilabete daramatzagu etxean irabazi gabe, eta irabazteko ordua da», adierazi zuen atzo Jose Angel Zigandak.
PUÑALEK EZ DU ZIGORRA GAUR BETEKO. Patxi Puñalek denboraldiko bosgarren txartel horia ikusi zuen iragan asteazkenean Sevillaren aurka jokatu norgehiagokan, eta, ondorioz, gaur iluntzeko partida ezingo luke jokatu, zigortuta egon beharko bailuke. Hargatik, jai egun hauetan Lehiaketa Batzordeak ez du ezohiko bilerarik izan, eta Osasunak Puñalen zigorrari helegitea jarri nahi izanez gero helegitea aztertzeko denborarik ez luketela izango argudiatuta, Lehiaketa Batzordeak datorren asteartean ohiko bilera egitea erabaki du. Ondorioz, Patxi Puñalen zigorra airean geratzen da, eta datorren astearteko bileran jakinaraziko da Uharteko erdilariaren partida bateko zigorra. Honela, gaur Valentziaren aurka hasieratik jokatu dezake Osasunako erdilari beteranoak, baina datorren asteburuan Puñalek ezingo du Santiago Bernabeun zelaian jokatu. Abenduaren 16an, igandean, jokatuko du Osasunak Real Madrilen aurka (21:00).
Valentziaren krisia aztergai
Athleticek Mestallan lortu zuen 0-3koak hautsak harrotu ditu Valentzian, baina Ziganda ez da fio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu