Athleticek gaur eguerdian aurkeztu du Ernesto Valverde. Ibaiganen egin du, eta aurkezpenean Valverdez gain, Josu Urrutia Athleticeko presidentea ere egon da. Lehenik eta behin, Urrutiak jakinazi du Valverdek bi denboraldirako kontratua sinatu duela talde zuri-gorriarekin.
Presidentearen arabera, Valverdek bi baldintza betetzen ditu: batetik, "puntako entrenatzailea da, eta eskarmentuduna"; bestetik, "Athletic ezagutzen du, jokalari eta entrenatzaile izan baitzen, eta bazkide ere da. Aukerarik onena da". Urrutiak aitortu du Marcelo Bielsak ez zuela jarraituko jakinarazi ondoren bildu zirela Valverderekin, eta hark denbora eskatu ziela eskaintza onartu edo ez erabakitzeko. "Oso pozik hartu zuen gure eskaintza. Sentimenduei dagokienez, argi zuen, baina horrelako erabakietan buruarekin ere pentsatu behar da. Nik badakit hori, gauza bera egin nuelako presidente izateko aurkeztu nintzenean".
Valverde, berriz, "eskertuta" azaldu da Athleticek eman dion aukerarekin. "Bigarren aldi bat da, eta espero dezagun esaera zaharra ez dadila beti, alegia, bigarren aldiak ez direla onak izaten. Ilusio handia dut. Egia esan, Athletic utzi nuenean zail ikusten nuen itzultzea. Zorionez, itzuli naiz, eta oso pozik nago. Erronka da Bielsa ordezkatzea".