Dotorea, ikusgarria izan da Espainiako Vueltako seigarren etaparen amaiera. Egun osoan ihes eginda ibili dira Lluis Mas (Caja Rural) eta Pim Ligthart (Lotto); hamalau minututik gorako aldea ere izan dute. Baina tropela hegan iritsi da Granadara, eta zaleek ikuskizun apartarekin gozatu ahal izan dute La Zubia bost kilometroko igoera gogor-gogorrean. Alejandro Valverdek (Movistar) egin du tropel buruan igoeraren zatirik handiena, eta Joaquim Rodriguez (Katuxa) mugitu denean ere hura izan da indartsuena erantzunean.
Azken esprintean, erabat indarrean, garaipen handia lortu du espainiarrak, Chris Froome (Sky) eta Alberto Contador (Tinkoff) atzean utzita. Zortzi segundo galdu ditu Joaquim Rodriguezek (Katuxa), eta hamabi Nairo Quintanak (Movistar). Sailkapen nagusian, Valverde bera jarri da lider, eta hamabost segundora dauka Contador. Alhendinen hasi eta Alcaudeten amaitu, zazpigarren etapa jokatuko da gaur, 169 kilometrokoa. Gorako joera daukate azken metroek.