Txirrindularitza

Valverdek 3.23 galdu du gaur Vueltan

Sailkapen nagusian laugarren zegoen, Egoi Martinez liderretik minutu batera; helmugarako 50 kilometro falta zirela atzean geratu da. Bettinik irabazi du etapa. Bihar atsedena, etzi Angliru.

2008ko irailaren 11
18:35
Entzun
Alejandro Valverde gaur arte sailkapen nagusian minutu batera laugarren postuan zegoen txirrindularia izan da Espainiako Vueltako hamabigarren etapako (Burgos-Suances, 186,4 kilometro) galtzaile nagusia, 3.23ra iritsi delako. Etapa Paolo Bettinik irabazi du, esprintean; aldapa gora bukatu da eta egokia zen harentzat. Aurtengo Vueltako bigarren etapa garaipena du.

Davide Rebellin heldu da bigarren, Damiano Cunego hirugarren. Segundo bat kendu die Bettinik. Alberto Contador bosgarren heldu da, hura ere segundo batera, Egoi Martinez laura, seigarren.

Helmugarako 50 kilometro falta zirela Caracol bigarren mailako mendateko gaina pasatu eta beherakoan, tropel nagusia bitan zatitu eta atzean geratu da Valverde. Sailkapen nagusiko aurrenak ez, eta segituan atera diote 50 segundoko aldea. Valverdek ezin izan du errekuperatu, eta kilometroek aurrera egin ahala gero eta denbora gehiago galtzen joan da: 28 kilometro geratzen zirela 1.51era zegoen, helmugan 3.23ra.

Sebastien Hinault, Sandy Casar eta Manuel Quinziatok egin dute eguneko ihesaldia; zortzigarren kilometrotik egon dira aldeginda eta helmugarako 30 falta zirela harrapatu dituzte. Lau minutuko aldea eduki dute gehienez.

Egoi Martinez Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak segitzen du lider; astelehenean jarri zen lehen tokian. Bigarren tokian Levi Leipheimer dago (11 segundora), Contador hirugarren (29ra), Carlos Sastre laugarren (1.38ra), Ezequiel Mosquera bosgarren (2.10era), Igor Anton seigarren (2.23ra). Valverde orain 4.19ra dago, hamaikagarren.

Bihar atseden eguna izango dute, itzuliko bigarrena.

Asteburuan, berriz, mendia. Larunbatean Angliru maila berezikoan bukatuko da etapa. Aurretik lehen mailako hiru mendate igoko dituzte. Vueltako hamahirugarren etapa izango da: San Vicente de la Barquera-Angliru(209,5 kilometro).

Igandean ere mendia, Oviedo-Fuentes de Inviernon (158,4 kilometro). Hasieran hirugarren mailako hiru mendate igoko dituzte, eta gero lehen mailako beste hiru; horietako azkena -San Isidro-, helmugatik kilometro batera.

Hilaren 21ean bukatuko da Vuelta, Madrilen. Aurreko egunean 17,1 kilometroko krono-igoera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.