Alejandro Valverdek (Murtzia, Espainia; 1980) lortu du nahi zuena: itzuli handi bat irabaztea. Orain arte ez zuen inoiz erdietsi, eta bihar eskuratuko du: Espainiako Vuelta. Irabaziak ditu Donostiako Klasikoa (iaz), Dauphine Libereko nagusia eta etapak, Lieja-Bastogne-Lieja, Flecha-Walone, Kataluniako itzulia, Burgoskoa, Paris-Nizako etapa bat, Vueltakoak, Frantziako Tourrekoak eta abar (haren garaipenak ikusi hemen), baina behin ere ez itzuli handi bat.
"Askatuta sentitzen naiz. Kontzentratuta egon naiz eta lortu dut. Tourrean ere aurrean ibil naiteke, podiuma eskura dezaket eta, zergatik ez, Tourra ere bai", esan du Valverdek.
Vueltan 2006an lortu zuen orain arteko sailkapenik onena: bigarren geratu zen, eta zortzi egunez izan zen lider. Iaz bosgarren gelditu zen. Tourrean, berriz, 2007an eskuratu zuen emaitzarik onena sailkapenean: seigarren.
2003an egin zuen debuta profesionaletan, Kelme taldearekin. 2005ean Illes Balearsen aritu zen eta 2006tik Caisse d'Epargnen.
Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadiko txirrindulariaria izango da Vueltako bigarren, 55 segundora. Hirugarren, Cadel Evans, 1.32ra. Ivan Bassok hirugarren postu hori galdu du gaurko erlojupekoan, eta laugarren amaituko du, 2.12ra.
David Millarrek irabazi du etapa (Toledo-Toledo, 27,8 kilometro). Sanchez izan da bigarren, bost segundora. Valverde 36ra sartu da.
Madrilen bukatuko da Vuelta, bihar. Rivas Vaciamadril-Madril etapa korrituko dute, 110,2 kilometrokoa; laua.
txirrindularitza
Valverderen lehen itzuli handia
Espainiarrak irabaziko du bihar Vuelta. "Tourra ere lor dezaket". Samuel Sanchez bigarren izango da, Cadel Evans hirugarren. Gaur David Millar izan da erlojupekoko garailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu