Txirrindularitza

Van Aertek irabazi du ihesaldirik gabeko Tourreko etapa

Taldeak emandako askatasuna baliatu du flandriarrak Tourreko 5. etapa zakuratzeko. Haizearen beldurrez izan da tropela, baina ez du indarrez jo. Alaphilippek elastiko horia galdu du, bidoi bat legez kanpo hartzegatik. Adam Yates da lider berria.

enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 2a
18:26
Entzun

Orain arte lanean zintzo aritu ondotik, gaur distira egiteko txanda iritsi zaio Wout van Aerti (Lotto Jumbo). Flandriarrak esprintean irabazi du Tourreko bosgarren etapa, Gap eta Privas artean jokaturikoa. Amaiera aukerakoa zen Van Aertentzat, goranzko joera baitzeukan. Kokapen paregabea hartu du azken metroetan, eta buruz buru gailendu zaio Cees Boli (Sunweb). Hirugarren Sam Bennett izan da (Deceuninck), eta haren taldekide Julian Alaphilippek elastiko horia galdu du, bidoi bat legez kanpo hartzeagatik. Adam Yates da lider berria (Mitchelton).

Harrigarria izan arren, ihesaldirik gabeko eguna izan da. Tropelak bat eginda osatu du 183 kilometroko etapa, txango bat balitz bezala. Faboritoen taldeek haizearen kezka zuten, azken zatian mistralak indarrez jo baitzezakeen. Hala, erritmo apalean osatu dute etaparen zatirik handiena, eta talde apalek ez dute imintziorik txikiena ere egin. Belarriak tentetu egin dira tropelean Montelimar igaro ostean, baina ez da esperotako borrokarik izan. Bazegoen haizea, baina ez da izan haize babesak sortzeko adinakoa. Ineosek egin du saiakera, baina alferrikakoa izan da.

Esprinta Sunwebek bideratu du, Bolen mesedetan. Haatik, errematea ematerakoan gehiago izan da Van Aert. Beste inor ez da sartu garaipenaren lehian. Bukaera aproposa zen Peter Saganentzat (Bora) eta Caleb Ewanentzat (Lotto Soudal), baina ahala falta izan zaio bati, eta kokapena besteari. Eslovakiarrak maillot berdea erantzi du, eta Bennettek jantzi.

Igotzaileak lasai ederrean izan dira, baina azterketa izango dute hurrengo etapan, Mont Aigoualen amaitzen den etapan. Mendate etzana da (8,3 kilometro eta %4ko pendiza), baina, aurrez, Lusette gogorra (11,7 kilometro eta %7,3) igo beharko dute. %12-13ko aldapak ditu, eta gainean gainsariak izango ditu. Toki aproposa izan daiteke lasterketa mugitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.