Anna van der Breggen herbeheretarrak (SD Worx) eta Julian Alaphilippe frantziarrak (Deceuninck) irabazi dute gaur Fleche Wallone klasikoa. Biak indartsuenak izan dira Huyko horman.
Van der Breggenek eutsi egin dio haren erabateko nagusitasunari, zazpigarren aldiz jarraian nagusitu baita. Gaur berriro utzi ditu atzean aurkari guztiak azken aldapa tentean. Katarzina Niewiadoma poloniarra (Canyon) izan da bigarren helmugan, eta Elisa Longo Borghini italiarra (Trek) hirugarren.
Alaphilippek, berriz, Primoz Roglici (Jumbo) hartu dio aurre azken metroetan. Esloveniarrak erasoa jo du helmugarako 300 metro falta zirela, baina luze egin zaio aldapa. Frantziarrak hobeto neurtu ditu indarrak, eta gainditu egin du amaieran. Hirugarren garaipena du.
Alpeetako Itzulian, berriz, Gianni Mosconek (Ineos) bigarren garaipena lortu du hirugarren etapan. Simon Yatesek (BikeExchange) lidergoari eutsi dio. Pello Bilbao (Bahrain) hirugarren da sailkapen nagusian, 1.04ra.