Emakumeen Bira larunbatean hasiko da, eta Anna Van der Breggen (Boels) faborito nagusiak lehen abisua eman du Durango-Durango klasikoan. Zirkuituko azken itzulian Goiurian gora erasoa jo eta 29 segundoko aldearekin pasa da tontorretik. Bost kilometro falta ziren helmugarako, eta atzetik zuen laukoteak ez dio tarterik jan. Biagrren Annemiek Van Vleuten (Mitchelton-Scott) izan da, 29 segundora, eta hirugarren Sabrina Stultiens (WaowDeals) 57ra. Nabarmentzekoa euskal herritarren lana: Ane Santesteban bosgarren izan da eta Eider Merino (Movistar) zortzigarren, biak 1.22ra.
Durango-Durango klasikoan (113 km) ez da ezustekorik egon, eta tropeleko txirrindulari indartsuenak nabarmendu dira. Irabazlea zirkuituko azken itzulian erabaki da, Goiuriako azken igoeran (%6) erabaki da. Sabrina Stultiensek (WaowDeals) jo du lehen erasoa, eta Annemiek Van Vleutenek (Mitchelton-Scott), Anna Van Der Breggenek (Boels Dolmans) eta Elisa Longo Borghinik (Wiggle-High5) harrapatu dute. Tropela atzean gelditu da, jokoz kanpo. Helmugarako hamar kilometro falta ziren eta irabazlea aurrean zen.
Indartsuenen artean Van der Breggen nabarmendu da, hortzak estutu eta aurrera egin du. Beste hiru kideek ezin izan dute jarraitu. Bakarka egin ditu igoerako azken kilometroak eta ziztu bizian jaitsi da. Aldapa behera ere erakustaldia eman du. Alde oso handiak atera ditu, sasoi betean iritsiko da Birara.