Frantziako Tourra

Van der Poel iritsi da Tourrera

Azken metroetan jo du erasoa txirrindulari gazteak, eta sailkapen nagusian lider jarri da. Bere aitona zen Raymond Poulidorri eskaini dio garaipena.

Mathieu Van der Poel, gaur, garaipena Poulidorri eskaintzen. MICHAEL STEELE / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 27a
18:47
Entzun

Txirrindularitza zale asko zeuden une honen zain, eta gaur baieztatu da askoren ustea: errepidean ere gaitasun izugarriak dituen txirrindularia da Mathieu Van der Poel (Alpecin), eta onenen artean ere hori erakusteko gai da. Lehen parte hartzea du Frantziako Tourrean 26 urteko txirrindulariak —aurretik lau aldiz izan da munduko txapeldun ziklo-krosean—, eta bi etapa soilik behar izan ditu bere lehen erakustaldia emateko, gaur, Britainiako horman.

Etapa eta lidergoa eskuratu ditu. Esana zuen hori zela bere helburua aurtengo Tourrean, eta 2019an hil zen bere aitona Raymond Poulidorri eskaini nahi zizkiola. Hark hamalau urte egin zituen txirrindularitza profesionalean, eta txirrindulari bikaina izan zen arren, sekula ezin izan zuen elastiko horia jantzi.

Gaur, ez zituen aurkari makalak parean Herbehereetako txirrindulariak: Alaphilippe liderra, Roglic, Pogacar, Van Aert... luzea zen gaurko etaparen atzetik zebiltzanen zerrenda, baina protagonista bakarra, azkenean, Van der Poel izan da. Lehendabizi, hamabost kilometroren faltan jo du erasoa; aurkariak estutu nahi zituen, eta, bide batez, tarteko helmugako hamar segundoko gainsaria eskuratu. Azken igoera baino lehen harrapatu dute.

Eraso sorta azken bi kilometroetan hasi da, behin Britainiako hormara iritsi direnean. Van der Poelek argi utzi du kilometrok batzuk lehenago jotako erasoaldiak ez diola indar zipitzik ere kendu, berriz jo du, eta inork ezin izan dio eutsi haren pedal kolpeari. Bigarren izan da Tadej Pogacar (UAD) sei segundora, hirugarren Primoz Roglic (Jumbo), laugarren Wilco Kelderman (Bora) eta bosgarren lidergoa galdu duen Julian Alaphilippe (Deceunick). Etapako galtzaile nagusia Geraint Thomas (Ineos) izan da, gainontzeko talde buruak baino segundo batzuk atzerago heldu baita.

Zeresana eman duten bi etapa zailen ostean, bihar gizon azkarren txanda helduko da. Lorient eta Pontivy artean 183 kilometro egingo dituzte txirrindulariek, ia aldaparik ez duen ibilbidean. Kontuz ibili beharko dute erorikoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.