Vela: «Ez dut uste Realak niri eusteko adina diru duenik»

Realak jarraitzeko eskatu dio, baina mexikarrak aitortu du beste talde batzuen eskaintzak jaso dituela

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Jokalari erabakigarria izan da sasoi guztian, inongo zalantzarik gabe. Ez da ezkutatu Realak behar gehien zuenean. Talde txuri-urdinean jarraituko duen, baina, zalantzan dago. Carlos Velak ez daki datorren denboraldian zein taldetan ariko den. Realak, noski, jarraitzeko eskatu dio, baina mexikarrak ez du hain garbi. «Ez dut uste Realak niri eusteko adina diru duenik. Niretzat onena den erabakia hartuko dut».

Komunikabideen aurrean egin zituen adierazpen horiek mexikarrak. Baliteke elastiko txuri-urdinarekin jokatuko duen azken neurketa izatea etzikoa, Valentziaren aurkakoa. «Mikel Aranbururen agurreko partida izango da, baina nire agurrekoa ere izan daiteke».

Erabakia ez dago guztiz haren esku, ordea. Arsenalek utzita iritsi zen Donostiara, aurreko udan, eta, aurrelariaren arabera, hari dagokio lehenbizi hitz egitea. «Arsenalek hitz egin behar du lehenik. Halere, niretzat onena zer den hartuko dut aintzat». Aitortu du liga oraindik amaitu ez den arren zenbait talderen eskaintzak jaso dituela. «Talde batzuekin nago harremanetan. Oraindik goiz da. Ezin dugu ezer hitzartu. Aukeraketa bat egin baino lehen, halere, baldintza asko bete behar dituzte».

Inork ezer gutxi aurpegiratuko dio. Denboraldi ederra egin du aurrelariak. Bera da taldean golik gehien sartu duen jokalaria. Hamabi gol sartu ditu denera. Mexikarra gustura dago egin duen lanarekin. «Oso urte ona izan da niretzat, bai futbol ikuspegitik, bai ikuspegi pertsonaletik. Eskerrak eman nahi dizkiet aukera hau eman zidaten guztiei».

Urtea ondo amaitu nahi

Ion Ansotegik, berriz, Aranbururen agurreko partida izan du gogoan. Zelaian agurtu nahi du hainbat urtean taldekide izan duena. «Polita litzateke zelaian egotea. Garaipen bat eman nahi diogu Mikeli. Gure esku dago». Urtea ondo amaitzea besterik ez dute buruan txuri-urdinek. «Urtea ondo amaitu nahi dugu, hiru puntuak lortuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.