Irabazi egin behar zuen, eta irabazi egin zuen. Realak hiru puntu garrantzitsu poltsikoratu zituen atzo Betisen zelaian. Kostata, hori bai, partida hasi aurretik bestelakorik espero bazen ere, baina txuri-urdinak nagusi izan ziren, Velak penaltiz eginiko gol bati esker. Getafek aurrez lortutako garaipenaren ondorioz, Sevillako partida hasi aurretik gauza jakina zen Betisek ezinezko zuela Lehen Mailari eustea; ondorioz, pentsa zitekeen Realak erraz irabaz zezakeela. Baina ez. Zaleen haserrea begi bistakoa izanagatik, duin jokatu zuten etxekoek, eta donostiarrek lana eginda irabazi behar izan zuten. Distirarik gabe, baina izerdia botata. Lan horrek badu saria: Reala bigarrenez jarraian Europan ariko da datorren denboraldian.
Dibertigarritik gutxi izan zuen lehen zatiak. Datu bat aski da horretaz jabetzeko: bi taldeetako atezainek ez zuten geldiketa bat bera ere egin beharrik izan. Are gehiago, azaldu ere gutxitan azaldu ziren. Lanik handiena partida hasieran izan zuten. Betisek bizi ekin zion lehiari, sasoi guztiko mamuak uxatu asmoz, eta arriskua sortu zuen Realaren ate inguruan. Lehen hamar minutuetan eurena izan zen jokoaren ekimena. Poliki-poliki, ordea, bere onera etortzen hasi ziren txuri-urdinak, eta nagusitzen hasi ziren. Agirretxek izan zuen norgehiagokako lehen aukera garbia. Griezmannek eta Velak jositako jokaldi on bati amaiera bikaina emateko zorian izan zen. Zutoinean amaitu zuen baloiak.
Pazientzia eta lasaitasuna oinarri harturik, lanean jarraitu zuten Jagoba Arrasateren jokalariek. Baloia ezker eskuin mugitu, Betis urduri jarriarazi, eta aukeraren zain egon ziren. Griezmannek parada ona izan zuen 19. minutuan, eta are hobea Velak hurrengo jokaldian. Biak ala biak, ordea, antzu aritu ziren. Mexikarrak areaz kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarria ozta-ozta joan zen kanpora. Hortik aurrera, Betis ez ezik, Reala ere hotz aritu zen, freskotasunik eta sakontasunik gabe. Zer hobetua bazutela erretiratu ziren bi taldeak aldageletara atsedenaldian.
Entrenatzailearen aginduak adituta edo, beste txispa batekin zelairatu ziren txuri-urdinak bigarren zatian. Bada, minutu on batzuk aski izan zituzten garaipenaren gola egiteko. Canalesek zelai erdian baloia hartu, Velari sakon eman, eta mexikarrak abiadura baliatuz, Jose Angel atzean utzi eta epaileak penaltia adieraztea lortu zuen. Jarrera bikaina erakutsi zuen Velak. Penaltia lortu bakarrik ez, gainera. Aginte makila hartu, jaurti eta 0-1ekoa egin zuen, 48. minutuan.
Gol horri esker, beste lasaitasun eta patxada batekin jokatu zituzten hurrengo minutuak donostiarrek. Atzean sendo eutsi, eta bigarren gola egitea izan zuten helburu. Horretarako aukera bat baino gehiago ere izan zuten. Griezmannek, besteak beste, zutoinera bidali zuen baloia 52. minutuan. Hortik aurrera ere Realarena izan zen jokoaren ekimena, baina ez zuen lortu partida errematatzea.
Ondorioz, neurketako azkeneko minutuetan sufritzea egokitu zitzaion. Ongi sufritzea ere. Betisek adorea plazaratu zuen, eta berdinketa lortzeko bereak eta bi eman zituen. Pare bat aukera ere izan zituen, baina Bravo seguru aritu zen atepean. Hortaz, Velak eginiko golak izan zuen baloia. Velak eman zion argia Realari.
Reala
Velak eman dio argia
Kostata izan arren, Realak irabazi egin du Betisen zelaian. Matematikoki, datorren denboraldian Europan aritzeko txartela lortu dute txuri-urdinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu