Asko ez dela aski sarri esan ohi da. Baina tarteka gertatzen da gutxi ere aski izatea. Bada, gutxirekin hiru puntu eskuratu zituen Realak atzo Anoetan, Elxen aurka. Urrezko hiru puntu, egiari zor. Joko distiratsurik egin ez arren, atzean sendo agertu ziren txuri-urdinak, eta partida irabazteko aski izan zituzten hiruzpalau zertzelada on erasoan. Carlos Velaren zertzeladak, hori bai. Bigarren jardunaldiz jarraian, atea hutsean mantendu zuen David Moyesen taldeak, eta Velaren distira nahikoa izan zuen Elx menderatzeko. Zehazki, hiru gol egin zituen mexikarrak, eta erakutsi zuen inspirazioa lagun badu buruhauste gutxiago izango duela Moyesek sasoia amaitu bitarte. Labur esanda, Velak piztu baitu Reala.
Hasiera aparta eman zion neurketari Donostiako taldeak. Ezin hobea. Bi taldeek elkarri neurria hartzerako lehen gola sartu baitzuen Velak. Nola eta buruz. Erarik ezohikoenean. Canalesek defentsako lerroa lokartu, Carlos Martinezek erdiratu eta Velak ez zuen barkatu. Maisuki gainditu zuen Elxeko atezaina. Moyesek esana zuen aurrez oso izango zela garrantzitsua partida hasiera; bada, nahi bezala ipini zitzaizkion kontuak bigarren minuturako.
Golaren ondorioz, dena den, behera etorri zen taldea hurrengo minutuetan. Erlaxaturik jokatu zuen, gozakaitz aritu zen, eta jokoan gehiago izan zen Elx. Gol aukera garbirik sortu ez arren, erraz inguratu zen Realaren area ingurura. Gainera, bi albiste txar jaso zituen Moyesek segidan: lehenbizi, Ansotegik txartel horia ikusi zuen, eta gero Agirretxek zelaia utzi behar izan zuen min hartuta. Finbogasson zelairatu zen haren ordez.
Bazirudien sufrikario gabeko gozamenik ez zuela izango Realak. Baina, nola ez, Vela agertu zen berriro ere. Xabi Prietok zelai erditik pase aparta eman, eta Elxeko defentsari bizkarra hartuta goi mailako gola egin zuen mexikarrak 31. minutuan. Abiadura bizian bi jokalari atzean utzi eta lasaitasunaren gola egin zuen. Aspaldiko partez, Anoeta festa baten pare bihurtzeraino.
Hala, 2-0eko emaitzarekin lasai erretiratu ziren aldageletara txuri-urdinak. Erretiratu bai, baina itzuli energiaz beterik itzuli ziren. Gol gehiagoren gosez. Bada, gose horrek 53. minutuan izan zuen saria. Carlos Martinezek Velari nola halako pasea eman, eta mexikarrak gol bikaina sartu zuen, oinaren puntarekin. Partida erabakita utzi zuen, eta lehia amaitu bitarte lasai jokatu ahal izan zuen Realak. Moyesek aginduak ematen jarraitu zuen aulkitik, baina gustura geratu zen. Besteak beste, Anoetan debut ona egin zuen eta.