Aldea hamalau puntura igo, edo aurkari bat irabazi. Mark Webberrek (Red Bull) sentsazio gazi-gozoak zituen herenegun Suzukatik ateratzean. Bigarren amaitu zuen, Fernando Alonso (Ferrari) aurkari zuzenaren aurretik. Eta bigarren amaitu zuen, Sebastian Vettel (Red Bull) aurkari berriaren atzetik. Hamalau puntu eta hiru lasterketa. Eta hiru aurkari lehia gordinean. Ezbairik gabeko garaipena izan zen Vettelena. Horrek ez du esan nahi erraza izan zenik, podium osoa hiru segundotik beherako tartean helmugaratu baitzen Japonian. Duela urte batzuk pentsaezina zen halako parekotasuna egotea, baina gaur egun ohikoa da.
Horrek badu alde txarrik ere: hain pareko izanik, aurreratzeak are zailagoak dira. Horrek ondorio argi bat dauka: sailkatze saioak berebiziko garrantzia du. Ezin da ukatu lasterketak larunbateko sailkatze saioan hasten direla. Hamalau puntu garai batean asko ziren, baina egungo puntuaketarekin babes eskasa da. Lehenak bigarrenari zazpi puntu kentzen dizkio lasterketa bakoitzean. Beraz, matematikak errazak dira: hiru lasterketak irabazten dituenak txapela berea du. Denboraldia aztertuta, ordea, ezinezkoa da hori, garaipenak oso nahasita iritsi baitira.
Koreak, Brasilek eta Abu Dhabik itxiko dute denboraldia. Korean ere ez da erabakiko lasterketa, baina zirkuitu berria izanik, aldagai asko sartuko ditu txapelketan. Podiumetik kanpo gelditzea galera garrantzitsua izango da, eta inork ezin du huts larririk izan. Hori amaiera litzateke. Baina podiuma bera ere ez da nahikoa, Webberrek zioen bezala, lasterketa bakoitzean garaipena behar baita txapelketa irabazteko. Beretzat altxor preziatua litzateke garaipen bat, aldea gutxienez hogeita bat puntura igoko bailuke. Horretarako gauza da. Denboraldi honetan erakutsi du. Baina Hungariako Sari Nagusia eskuratu zuenetik ez da berriro gorenera igo. Badaki zer egin behar duen; egitea falta du.
Vettel bete-betean sartu da 1 Formulako titulurako lehian
Japonian irabazita, hirugarren dago Red Bullekoa, Webber taldekidearengandik hamalau puntu eskasera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu