Kanadako Sari Nagusian lortu du Sebastian Vettelek (Red Bull) urteko bigarren pole-a. Ezustekoa izan zen alemaniarraren lana, Lewis Hamilton (McLaren) jotzen baitzuten guztiek lehen postua lortzeko faboritotzat, baina Vettelek hutsik gabeko saioa egin zuen. Red Bullek azken lau lasterketetan hirutan lortu du pole-a, bitan Vettelekin eta behin Mark Webberrekin. Txapelketa nahasia izan da orain arte, sei lasterketatan beste horrenbeste garaile izan baitira. Baliteke gaur egoera argitzen hastea, hainbeste aldaketa amaitu eta kontua egonkortzen hastea.
Lehen bost sailkatuen artean lauk dagoeneko irabazi dute. Hamiltonek bakarrik ez du zeharkatu helmuga lehen postuan, baina Kanadan oso itxura ona eman izan du beti. Hain zuzen ere, han lortu zituen lehen pole-a eta garaipena, 2007an. Aurten ere lasterketaren nondik norakoan eragingo du, indartsu aritu baitzen ostiraleko bi saioetan, aginduz. Vetteli bakarrik eman zion amore, atzo alemaniarra ukiezina baitzen. Eta hori, Nazioarteko Federazioak (FIA) Red Bull aldaketa batzuk egitera behartu badu ere. Izan ere, RB8 autoak zulo batzuk zituen atzeko gurpilen pareko azpialdean. Aurreko gurpilen balazta sisteman ere zuloak zituen. Biak ala biak autoaren errendimendu aerodinamikoa hobetzeko eginak. FIAk ez ditu begi onez ikusi, eta berehala aldatu behar izan dituzte.
Horrek ez du Vettel mantsotu, ordea. Urte hasiera zaila izan zuen taldeak, araudiak haiei eragin baitzien gehien. Azken lasterketetan goranzko bidea izan dute, baina askorentzat oharkabean pasatu da. Baina ez da kasualitatea sailkapenean Vettel eta Webber bigarren postuan berdinduta egotea, Fernando Alonsorengandik (Ferrari) hiru puntura. Garaipen batek erraz jango luke espainiarrak duen aldea.
Hamilton eta Alonso izango ditu horretarako aurkari nagusiak Red Bullek. Ferrarik kontrakoa badio ere, Kanada beti oso zirkuitu aproposa izan da berarentzat. Atzoko emaitza aurreko urteetan lortutakoaren bidetik doa, baina horrek ezin du alde batera utzi taldea aurretik zituztenekiko tartea txikituz egiten ari den lan bikaina. Alderantzizkoa da Vettelen helburua: itxitako zuloak ireki nahi ditu.
Vettel, zuloa ireki nahian
Kanadan autorik lasterrenak izanda erantzun die Red Bullek FIAk inposatutako aldaketei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu