Zalantzak uxatu dira, eta taldeen indarrak ordenatu dira azkenean. Benetako garaia iritsi denean, Sebastian Vettel alemaniarrak eman du lehen aginte kolpea. Red Bullekoak itzuli bikaina eman zuen atzo Sakhirko zirkuituan, hutsik gabekoa, eta Felipe Massa eta Fernando Alonso Ferrariko bi gidariak atzean utzi zituen. Azken bi saioetan argi eta garbi azkarrena izan zen Vettel, eta iaz erakutsi zuena gogoratu beharrik ez dago garaipena garesti salduko duela jakiteko.
Sailkatze saioa asko aldatu da iazkoaren aldean. Lau auto gehiago daude pistan, eta sei auto besteak baino askoz ere mantsoagoak dira. Denbora egiteko unea ondo aukeratzea lehendik garrantzitsua bazen, zer esanik ez orain. Atzo guztiak adi ibili ziren eta zirkuitua luzea izateak lagundu zien, baina Monako iristen denean izen potoloetakoren bat trafiko ilaran harrapatua geldituko da.
Espero zirenak iritsi ziren Q3 saiora, baina bereziki bi gidari uste baino zailtasun gehiagorekin iritsi ziren: Michael Schumacher (Mercedes) zazpigarren izan zen, baina Q2 saioan bederatzigarren denbora egin zuen, mozketa mugatik gertu, eta une oro Nico Rosberg taldekidearen denborak berdindu ezinda; beste gidaria Jenson Button egungo txapelduna (McLaren) izan zen, zortzigarren izan zena. Ingelesak autoari bota zion errua, baina egun osoan hortxe ibili zen, hamargarren postuaren inguruan jolasean.
Onartu beharra dago Mercedes eta McLaren autoak une honetan koska bat beherago daudela Red Bull eta Ferrari baino. Horregatik ezin zaie eskatu Schumacher eta Buttoni pole-rako lehian sartzea, baina autoa horretarako gauza izan gabe, lehen helburua taldekidea gainditzea dute. Eta horretan huts egin zuten. Buttonen kasuan, jakina da Lewis Hamilton garaitzea oso lan zaila izango duela, eta atzo izan zuen horren lehen adibide garratza. Izan ere, Hamilton ere munduko txapeldun izana da, eta aski ongi erakutsia du zer balio duen.
Schumacherren kasuan, Rosbergen aurrean belaunikatu izana esanguratsuagoa da. Rosbergek gidari fina dela erakutsi zuen Williamsen, baina ez du garaipenik. Atzo, ordea, 91 garaipen dituenari, Schumacherri, lezioa eman zion, belarrondokoa ia. Eta zazpi aldiz munduko txapeldun denari ozen esan zion ez diola jarriko alfonbra gorria. Sailkatze saioaren ondoren gidari beteranoak adierazi zuen oraindik erritmoa falta duela, hori pixkana etorriko dela.
Serio jartzeko unea
Lasai hasi ohi da sasoiko lehen lasterketa: argazki saioak, irribarreak, igarpen jolasak, Bahraingo udako eguraldia... Hori guztia atzo eguerdian amaitu zen, gidariek kaskoaren bisera jaitsi eta azeleragailua zapaldu zutenean. Ordura arteko apustu eta usteek sailkapenei utzi zieten lekua, segundoei, hamarrenei. Lehen bi sailkatze saioek garbiketa egin zutenean, hamar gidari gelditu ziren pistan, azkarrenak.
Benetako lehia horretan pistak ere zailtasun gehigarria jarri zien, tenperatura igo egin baitzen eta ordura arte azkartzen ari zen asfaltua bat-batean irristakor bilakatu zelako. Denborak gora egiten hasi ziren, eta autoak batetik bestera mugitzen. Horrek gidarien jarduna zailtzen zuen, eta hutsen bat egiteko arriskua areagotu. Horren jakitun, batzuk ez ziren askorik saiatu, batez ere zeregin gutxi zutela zekitenak: Robert Kubica (Renault) eta Adrian Sutil (Force India), adibidez. Haientzat saria zen Q3an sartzea bera.
Zortzi gidariren artean zegoen lehia. Alonsok onartu zuen hamarren preziatu batzuk galdu zituela itzulian egindako bi huts txikiren erruz. Mark Webberren itzulia txukun zihoan, hamaseigarren bihurgunean guztia galdu zuen arte. Massak meritu handiko bigarren postua lortu zuen, horretarako Q2an zuen denbora hobetu baitzuen, pista okerrago bazegoen ere. Baina guztien artean maisu 22 urteko gazte bat izan zen: Vettel.
Alemaniarrak berandu hartu zuen titulurako borrokaren trena iaz, BrawnGPk lehen lasterketetan abantaila zuelako. Baina aurten hasieratik agindu nahi du, eta lasterketa pole-tik hasten duenean, oso zaila da hura geldiaraztea. Erregai gutxirekin azkarrena dela erakutsi zuen. Orain ikusi behar da erregai tanga betea duenean gauza bera egiteko gai ote den.
Vettelek eman du lehen kolpea
Red Bull taldeko alemaniarrak lortu du 'pole'-a Bahraingo Sari Nagusian, Ferrariko bi gidarien aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu