1 formula

Vettelek eraman du polea saio istilutsuan

Urteko laugarren pole position-a lortu du Vettelek.

Laurentzi Garmendia
2009ko urriaren 3a
13:54
Entzun
Sebastian Vettelek urteko laugarren polea lortu du gaur goizean Suzukan jokatu den sailkatze saioan. Alemaniarra saio guztietan aurrean ibili da, gertatu diren istilu guztietatik urrun. Istripu larriak izan dira, batez ere Timo Glockena, eta haren partaidetza airean da biharko lasterketarako. Guztira lau gidarik izan dute istripu serioren bat, eta haietako batek eragindako bandera horiek ondorioren bat izan dezakete.

Lehenik eta behin, saioak gidari bat gutxiago izan du, Mark Webberrek bere autoaren txasia hautsi baitu goizeko FP3 saioan. Biharko lasterketa boxetatik hasiko du, azken postuan. Harekin batera, Nakajima kanpoan geratu da, bertako gidari bakarra. Urte makala izaten ari da japoniarra eta gaur bere herrian ere ez da gauza izan emaitza txukuna lortzeko. Alguersuarik lehen aldiz lortu du Q2 saiora jauzi egitea, eta Buemi taldekideak lehen itzulian istripua izan badu ere, ederki osatu eta bosgarren denbora lortu du. Bost gidari mantsoenak hauek izan dira: Fisichella, Nakajima, Grosjean, Liuzzi eta Webber (itzulirik gabe).

Q2 saioa Toro Rosso autoen beste istripu batekin hasi da, Jaime Alguersuari kataluniarra Degner bihurgunean hesien kontra zuzen joan baita. Bandera gorriak atera dituzte eta saioa geldituta izan da minutu batzutan. Saioa berriabiarazi eta gutxira Timo Glockek izan du istripua, hau ere bortitz samarra, Casio txikanetik ateratzean. Geratu diren zazpi minutuetan ere ez da akziorik falta. Buemi pistatik irten eta autoaren zatiak utzi ditu pistan, bandera horiak behartuz. Baina gidariak ez ziren mantsotzeko prest eta azken unean Button eta Barrichello lehen hamarren artean gelditu dira. Rosberg, Alonso eta Kubica, lehenago istripua izandako Alguersuari eta Glockekin batera kanpoan gelditu dira.

Iritsi Q3 saioa eta Kovalainen irten da pistatik, lehenago Buemi eta Alguersuari irten diren bihurgune berean. Honek saioa geldiarazi du beste behin, eta zortzi gidarik berrekin diote soilik. Geratu diren minutuetan Sebastian Vettel izan da azkarrena, asteburu osoan sendo gidatu eta gero. Alboan Trulli izango du, Toyotak Japonian pole-a lortzea saiatu baitu. Hirugarren izan da Hamilton eta laugarren Sutil, berriro ere Force Indiaren eboluzioa erakutsiz.

Alonsok lasterketa zuzendaritzara jo du, bigarren saioan gidari batzuk bandera horiak zeudenean mantsotu ez dutelako. Haien artean dira Button eta Barrichello, eta FIAk zigorren bat jar diezaieke. Ingelesa zazpigarren izan da azkenean, eta titulurako bere lehiakide nagusia, Barrichello, bosgarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.