Akabo bilerak, eta akabo jakin-minak. Athleticen eta Bartzelonaren arteko Espainiako Kopako finala Vicente Calderonen jokatuko da, Madrilen, maiatzaren 25ean, ostiralez. Halaxe jakinarazi zuen atzo Espainiako Futbol Federazioak. Athletic Sevillako Cartujan jokatzearen alde zegoen; Bartzelona, berriz, Vicente Calderonen jokatzearen alde. Bada, azken aukera hori nagusitasunez gailendu zen zuzendaritzako kideek eskua jasota eginiko bozketan. 22 boto jaso zituen alde Atletico Madrilen zelaiak. Hain zuzen ere, Cartujak baino zortzi gehiago.
Guztira 55.000 lagunentzako tokia dauka Vicente Calderonek. Dena den, 4.000 kendu behar dira, segurtasuna eta antolakuntza dela eta. Beraz, 51.000 zale izango dira bertan. Horrek esan nahi du Athleticek gutxienez 18.500 sarrera izango dituela —legeak dioen moduan, %33—. Beste heren bat Bartzelonari dagokio, eta bestea federazioari. 2009an Valentzian jokaturiko finalerako 17.400 sarrera izan zituen Athleticek. Oraingo honetan, beraz, orduan baino 800 gehiago edukiko ditu.
UEFAren arabera, Europako zelairik baloratuenetako bat da Atletico Madrilena. 1966an estreinatu zen, eta ordutik hainbat berrikuntza egin dituzte bertan. Kontuan eduki behar da finala jokatu baino bost egun lehenago Coldplay taldearen kontzertua izango dela bertan, eta zelaiaren egoerari eragin diezaiokeela horrek. Federazioak atzo adierazi zuenez, ordea, ez dago zertan kezkatu. Hori baino gehiago, Athletic Hiria non ezarri izango da zuri-gorrien buruhauste nagusia, zelaiaren inguruan ez baitago toki aproposik.
Toki aproposa aipatuta, Santiago Bernabeu izan da Athleticen zein Bartzelonaren lehenengo aukera hasieratik, baina Real Madrilen ezezkoaren ondorioz —berrikuntzak egin behar dituela eta—, beste zelai bat topatu beharizan dute. Hiru bilera egin behar izan dituzte horretarako, eta azkenean Vicente Calderonen aldeko apustua egin dute. Erabakia ez da Josu Urrutia Athleticeko presidentearen gustukoa izan. Santiago Bernabeu baztertuta, beti egin izan du Cartujaren alde—64.000 ikusle sartzen dira—; alferrik, baina. Atzo ez zen gogo onez irten bileratik, eta adierazpenik ez zuen egin.
Federazioko batzarrean ikusitako hainbat gauza ez zitzaizkion batere gustatu Urrutiari. Bartzelona ez zen bilera horretan izan—epaileekin haserre dagoelako—, baina Pep Guardiola entrenatzaileak eman zuen iritzia: «Taldeak ez zuen erabaki hori nahi. Gu Bartzelona garelako, Athleticek ez du finala Santiago Bernabeun jokatuko. Federazioarena da azken erabakia».
Athletic hirugarrenez ariko da
Historian 13. aldiz jokatuko da Vicente Calderonen Espainiako Kopako finala, baina Athletic eta Bartzelona bertan nor baino nor gehiago ariko diren lehen aldia izango da. Dena den, Bilboko taldeak badaki zer den zelaihorretan Kopako final bat jokatzea. Estreinakoz 1972-73ko denboraldian aritu zen, eta zuri-gorriak tituluaren jabe egin ziren, Castellori 2-0 irabazita. Handik lau urtera, ordea, Betis ezin izan zuen mendean hartu. Final historikoa izan zen hura. Norgehiagoka bina amaitu zuten, eta penaltietan 8-7 gailendu ziren andaluziarrak. Bartzelonak, bestalde, hiru final jokatu ditu Atletico Madrilen zelaian, eta bakarra besterik ez du irabazi.
Azkenekoz 2008an jokatu zen Vicente Calderonen Kopako final bat. Valentziak 3-1 irabazi zion Getaferi. 2005ean, berriz, Osasunak jokatu zuen, Betisen aurka, eta 2-1 galduta burumakur itzuli ziren nafarrak etxera.
Vicente Calderonen
Athleticen eta Bartzelonaren arteko Espainiako Kopako finala Madrilen jokatuko da, maiatzaren 25ean, ostiralezTalde bakoitzak 18.500 sarrera inguru izango ditu bazkideen artean banatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu