Egun biribila izan da gaurkoa Angel Viciosorentzat: Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa irabazi du eta lidergoa ere lortu du. Lehen postutik 26 segundora zegoen baina Juan Jose Cobo gaur 2.40ra heldu da, tropelarekin. Itzulia bera irabazteko aurrerapausoa ere eman du Viciosok, bigarrenari justu bi minutuko aldea kentzen diolako: Bram Tankink-i. 2.14ko aldea Cobori, 2.20koa Jose Angel Gomez Marchanteri eta Manuel Beltrani.
Karrantza-Gasteiz izan da gaurko etapa, 173 kilometrokoa, eta hamabi laguneko ihesaldiak markatu du. Ondoren sei txirrindulari geratu dira aurre-aurrean, ia beti lau minutu inguruko aldea izan dute tropelarekiko, bukaera-bukaeran beste bi batu zaizkie, eta haien artean jokatu dute garaipena. Esprintean irabazi du Viciosok. Patxi Vila izan da bigarren, Iker Camaño hirugarren. Hubert Dupont laugarren, Tankink bosgarren, Andres Nozal seigarren.
Bihar Azpiroz, helmugatik hiru kilometrora
Biharkoa, laugarren etapa izango da, Gasteiz eta Lekunberri (Nafarroa) artekoa, 176 kilometrokoa. Interesgarria izan daiteke sailkapen nagusira begira, helmugatik hiru kilometrora lehen mailako gaina izango dutelako txirrindulariek: Azpiroz. Aurretik, 40. kilometroan, lehen mailako beste bat: Opakua. Horiez gain, beste lau mendate: bigarren mailako Azazeta eta Zuarrarrate, eta hirugarren mailako Huitzi eta Leaburu.
12:45ean hasiko da etapa eta 17:27an bukatuko dela espero dute.
Txirrindularitza
Viciosorentzat etapa eta lidergoa
Talde txiki bateko esprintean irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa, Gasteizen. Tropela 2.40ra sartu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu