VIII. Berria Txapelketa, indar eta ilusioz beteta

Euskal Herriko 24 elkarte onenek hartuko dute parte, eta finalak martxoaren 25eko asteburuan izango dira

Txapelketan parte hartuko duten elkarteetako ordezkariak, atzo, Andoainen. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Andoain
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urtez urte eta koskaz koska. Halaxe doa aurrera BERRIA Txapelketa. VIII.a ekitaldia du jada aurtengoa, eta, nola ez, berriro ere oso indartsu eta ilusioz dator. Atzo egin zuten aurkezpena, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, eta Euskal Herriko 24 elkarte onenetako ordezkariak bildu ziren bertan. Urtarrilaren 14an ekingo zaio, Oiarperen eta Txarutaren arteko kanporaketarekin, eta finalak martxoaren 25eko asteburuan izango dira, Hernanin.

Jakina da krisiak bazterrak astindu dituela azken urteotan, eta murrizketak alde guztietatik egin behar izan dituztela enpresek. BERRIAk, baina, eutsi egin dio kateari. Martxelo Otamendi egunkariko zuzendaria honela mintzatu zen: «Guri ere gogor jo digu krisiak, baina hortzak estututa txapelketari jarraipena ematea erabaki dugu. Guretzat ohorea baita pilota moduko kirol batean gure publizitatea agertzea». Gipuzkoako Federazioak eskertu egin du BERRIAren jarrera.

Sariek lehengo horretan jarraituko dute, hau da, elkarte txapeldunarentzat 3.000 euro eta pilotari bakoitzarentzat oroigarria eta txapela izango dira. Txapeldunordearentzat, berriz, 2.000 euroko saria eta seina oroigarri. Hirugarren eta laugarren postuan amaitzen dutenek bakoitzak 1.000 euroko saria izango du, eta bost eta zortzi bitarteko postuetan sailkatzen direnek 500na eurokoa. Zortzi zerrendaburu izango ditu txapelketak, iaz hobekien sailkatu zirenak: Aurrera Saiaz, Aurrera Leitza, Hernani, Markina, Adiskide, Zazpi Iturri, Gazteleku eta Irurtzun.

Lehiaketa sistema azken urteetako berbera izango da. Kadeteen, gazteen eta nagusien mailan jokatuko da, ordena naturalean. Garaipena bi norgehiagoka irabazten dituenak lortuko du, baina bada berezitasun bat. Izan ere, lehen bi partidak elkarte berberak irabazten baditu, tantoen sistema aplikatuko da. Horrela, azken partidak ere emozioa izango du: «Sistema hau egokia dela uste dugu. Gazteenei presioa kentzea da gure helburua, eta nagusienei jartzea. Askotan alde handia egoten baita gazte mailetan», adierazi zuen Andoni Alvarez txapelketaren antolatzaileetako batek.

Izena hartzen ari den lehia da Hernani, Galdakaoko Adiskide, Tolosako Aurrera Saiaz taldeek antolatzen dutena.Esaterako, iaz parte hartu zuten bi pilotari profesional mailan dira jada: Jaunarena eta Zabaleta. Azken horrek Errege egunez egingo du profesional mailako debuta. Hala ere, badira beste hainbat egoera berean egon direnak: Mendizabal II.a, Idoate, Ladis Galartza, Apezetxea, Beroiz, Gorka, Merino II.a... Ikusi besterik ez dago zer-nolako maila dagoen. Gipuzkoako zortzi elkarte ariko dira, Nafarroako zazpi, Bizkaiako sei, Arabako bi eta Ipar Euskal Herriko selekzio bat.

Zazpi Iturri faborito

Galdakaoko Adiskide da egungo txapelduna. Aurrera Saiaz Tolosako taldeari eroso irabazi zion iazko finala. Aurten ere faboritoen zerrendan daude bi talde horiek. Pilotari oso onak dauzkate; Adiskidek, esaterako, Elezkano anaiak, eta aurten ere ez dira lehen postuetatik urruti ibiliko. Aurrera Saiazek ere oso talde polita dauka. Baina, hala ere, aurtengo faborito nagusia, okerrik ezean, Amezketako Zazpi Iturri da. Frontis enpresan aritutako hainbat profesional ohi hasi dira bertan (Arzelus, Garmendia...), eta gazteetan ere oso pilotari onak dauzka.

Baina ustekabekoren bat urtero izaten da. Iazko txapelketan Andoaingo Gaztelekuk eman zuen, eta ziur aurten ere ez dela halakorik faltako. Talde sendoa daukate, besteak beste, Alegiko Intxurrek, Bergarak, Lizarrako San Miguelek eta Hernanik. Pilota maite duenak gozatzeko aukera bikaina izango du astebururo, hurrengo astetik hasita martxoaren bukaera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.