Villa gabe, askoz hobe

Azken unea arte ez da jakingo aurrelari arriskutsua jokatzeko moduan den edo ez, min hartuta baitago

2008ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Liga irabazteko hautagaia izan nahi du Valentziak, eta, horretarako, Mestallatik puntu gutxik ihes egitea ezinbestekoa da. Eta, taldearen indarra ikusita, argi dago Mestalla Ligako zelairik zailenetako bat izan daitekeela. Osasunak oso gutxitan irabazi du Valentzian, eta gaur ere ez du lan erraza izango. Halere, baikor izateko arrazoirik ez zaie falta baikor izan nahi duten zaleei: Valentzia taldeko bi izar nagusiak min hartuta daude; David Silvak ez du jokatuko, eta Villa aurrelaria jokatzeko moduan den ala ez azken unea arte ez du jakingo Unai Emeryk.

Oroitzapen on gutxi ekartzen dizkio Mestallak Osasunari. Lehen Mailan 29 aldiz jokatu dute gorritxoek Valentziaren zelaian, eta bi aldiz soilik lortu dute irabaztea, zazpi norgehiagoka berdindu dituzte eta hogei galdu. 2003-04 denboraldian irabazi zuen Osasunak azken aldiz Valentzian, 0-1, eta, bitxia bada ere, gorritxoek ez zuten golik sartu beharrik izan, partidako gol bakarra Maurizio Pellegrino atzelari argentinarrak sartu baitzuen bere atean eta Osasunari garaipena oparitu. Aurreko emaitza horiek txarrak dira, baina Villa eta Silva jokatzeko moduan ez izatea abantaila izan daiteke sasoi honetan gorritxoentzat.

«Villak jokatzeak edo ez jokatzeak ez digu ezertan eragingo guri. Jokatzen badu, ondo, eta jokatzen ez badu, sentitzen dut Valentziarengatik. Azken finean, Valentziari eragingo dio Villak ez jokatzeak, ez Osasunari. Jokalari bikainak ditu Valentziak Villa ordezkatzeko, baina beste ezaugarri batzuk dituzten jokalariak dira. Villarekin kontraerasoan oso eroso ari daitezke, adibidez, eta Morientesek beste ezaugarri batzuk ditu; errematatzailea da Morientes ere, baina jokalari desberdina», esan zuen atzo Jose Angel Zigandak gai honen inguruan. Hector Font argiago mintzatu zen herenegun, ordea: «Villaren ordezko gisa zelairatzen denak lanak eman ahal dizkigu, baina, egia esateko, bai, albiste ona da guretzat Villak ez jokatzea». Nola ez da, bada, albiste ona izango nafarrentzat Ligako aurrelaririk onenak ez jokatzea euren aurka? Villaren bolada ona beldurra emateko modukoa da. Espainiako selekzioarekin Eurokopa irabazteaz gain, lehiaketako golegilerik onena izan zen udan, eta, harrezkero, golarekin maiteminduta jarraitzen du. Zazpi partida ofizial jokatu ditu sasoi hasiera honetan: bost Valentziarekin Superkopa, Liga eta UEFA Kopa aintzat hartuta, eta bi Espainiako selekzioarekin. Bada, Villak zazpi partidetan sei gol lortu ditu, eta UEFA Kopako lehian azken ordu laurdena soilik jokatu zuen, eta orkatila bihurritu, gainera. Jokatutako partida guztietan sartu du gola ia-ia. Eta gaur arratsaldean Villa harmailetan izatea albiste ona izango da Osasunarentzat, zalantzarik gabe.

Emeryk 19 gizoneko deialdia eman zuen atzo, badaezpada, baina zaila izango da Villa zelaian ikustea. Silva eta Villa gabeko Valentzia aurki dezake Osasunak gaur, beraz. Eta hori baliatzen ahalegindu beharreko abantaila da Jose Angel Zigandaren mutilentzat. Morientes, Mata, Joaquin eta Zigic jokalari onak dira, baina ez daude beste bien mailan une honetan. Vicente ere falta da deialdian, eta erasoko jokoan gizon garrantzitsuegiak dira Vicente, Silva eta Villa Valentziarentzat. Ea Osasunak aukera aprobetxatzen duen.

Berritasunak deialdian

Zigandak aldaketak egingo ditu gorritxoen hamaikakoan: azken jardunaldian Mallorcan hasieratik aritu ziren Ezquerro, Kike Sola eta Juanfran, baina deialditik kanpo daude. Ezquerro min hartuta dago, eta Kike Sola eta Juanfran entrenatzailearen erabakiz geratu dira deialditik at. Josetxoren kaltean Miguel Flañok berriz hasieratik jokatuko duela aintzat hartuz gero, gutxienez lau aldaketa izango direla argi dago, beraz. Vadocz, Jokin eta Delporte deialdian dira lehendabiziko aldiz, eta Hector Fontek eta Masudek ere badute lehendabiziko aldiz hasieratik jokatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.