TXIRRINDULARITZA

Vincenzo Nibali liderra elurpean gailendu da Tre Cime di Lavaredon, eta Italiako Giroa irabaziko du bihar

Helmugara heltzeko hiru bat kilometro falta zirenean, azken igoeraren tarterik tentenean, jo du aurrera Astanakoak, eta lasterketako txirrindularirik indartsuena dela erakutsi du, berriro. Rigoberto Uran (Sky) helmugaratu da hirugarren 19 segundora, eta bigarren izango da sailkapen nagusian, Cadel Evans (BMC) aurreratuz. Australiarrak izugarri sufritu du, baina podiumera igoko da.

Igor Susaeta.
2013ko maiatzaren 25a
17:47
Entzun

Samuel Sanchez (Euskaltel) ere makal ibili da aurtengo Giroko Cima Coppi-ra bidean. Euskaltelek haren mesedetan lan egin du etapa osoan zehar, baina espainiarrak pot egin du Nibalik erasoa jo duenean, eta 21. postuan helmugaratu da, 2.05era. Berez Giroko tappone-a edo etapa nagusia izan behar zuena irabazteko faboritoetako bat zen Euskaltelekoa, orain bi eguneko kronoigoeran azken egunetara sasoiko iritsi dela erakutsi eta gero.

Elurra dela-eta gaurko saioko ibilbidea aldatzea erabaki zuten atzo antolatzaileek, eta Costalunga, San Pellegrino eta Giau mendateak kenduta, espero bezala garatu da etapa. Sortu da ihesaldia, hartu dute ia zortzi minutuko aldea lau iheslariek, baina azkeneko 25 kilometrora tropelarekiko bi minutu eta erdiko aldearekin heldu dira. Tre Croci eguneko lehen eta azken aurreko mendateari aurre egin behar zioten. Gorka Verdugok (Euskaltel) hartu du tropelaren ardura, eta 20-25 lagunek eutsi diote. Tontorretik iheslarietako bat, Pavel Brutt (Katuxa), pasa da buruan. Atzean erasoka hasi dira, eta aurrera egin dute Pieter Weeningek (Orica), Eros Capecchik (Movistar) edo Stefano Pirazzik (Bardiani), besteak beste.

Capecchik bakarrik ekin die azkeneko zazpi kilometroei, Tre Cimeko Di Lavaredoko aldapei, baina gertu zeukan faboritoen tropeltxoa. Behin malda gogorrenetara helduta (%12ko bataz besteko pendiza daukate azkeneko lau kilometroek), Nibalik jo du aurrera eta den-denak atzean utzi ditu. Ahal bezala egin dute gorantz txirrindulariek elur erauntsiaren erdian, eta tantaka helmugaratu dira, ikuskizun bikaina eskainiz.

Beñat Intxausti (Movistar) muxikarra 15. helmugaratu da 1.30era, eta postu bat gora egin du sailkapen nagusian, Mauro Santambrogio (Vini) hondoratu egin delako.

Nibalik bigarren garaipena du aurtengo Giroan, herenegun Polsako kronoigoeran nagusitu eta gero. Aurrenekoz irabaziko du Giroa, 2010ean hirugarren, eta 2011n bigarren sailkatu eta gero. 2010ean, gainera, Espainiako Vuelta irabazi zuen, eta iaz hirugarren izan zen Tourrean.

Giroko azkeneko etapa jokatuko da, gaur, Riese Pio eta Brescia artean, 197 kilometrokoa.

 

SAILKAPENAK

20. etapa.

1. Vincenzo Nibali (Astana)  5.27.41

2. Fabio Duarte (Colombia) 17ra

3. Rigoberto Uran (Sky) 19ra

4. Carlos Betancur (Ag2r) 21era

5. Fabio Aru (Astana)  44ra

Nagusia

1. Vincenzo Nibali (Astana)  79.23.19

2. Rigoberto Uran (Sky) 4.43ra

3. Cadel Evans Uran (BMC) 5.52ra

4. Michele Scarponi  (Lampre) 6.48ra

5. Carlos Betancur (Ag2r) 7.28ra

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.