Amorru biziz, eta Herbehereetako bandera astinduz. Horrela helmugaratu zen atzo Marianne Vos Munduko Txapelketako errepideko proban. Amorru biziz, 2006an txapeldun izan ostean, azken bost urteetan zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuelako. Eta Herbehereetako bandera astinduz, etxean lortu duelako horrenbeste desiratutako garaipena, Valkenburgen, haren jaioterritik 150 kilometro eskasera.
Vos zen faboritoa podiumeko koska gorenera igotzeko, eta ez zuen huts egin. Ez zien aukerarik eman aurkariei, eta nahierara irabazi zuen. Cauberg mendatera egin beharreko azken-aurreko igoeran jo zuen lehen erasoa, eta itzuli bat geroago eraso erabakigarria. Hamar segundora iritsi zen Rachel Neylan australiarra, eta 18ra Elisa Longo Borghini italiarra, zilarra eta brontzea jantzi zuten txirrindulariak. Lau minutu eta erdi pasatxora helmugaratu zen tropel nagusia, ustez Vosen garaipena kolokan jarri behar zuten hainbat txirrindulari bertan zirela, Linda Villumsen, Judith Arndt eta Emma Johansson, besteak beste. Han zen Eneritz Iturriagaetxebarria ere, 35. postuan. Beste euskal txirrindularia, Ane Santesteban, 54.a izan zen, 5.03ra.
Atzoko garaipenarekin, Vosek urte bikaina biribildu du: txapeldun izan da errepidekoan Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan, eta Munduko Kopa eta Italiako Giroa ere irabazi ditu. Hori gutxi balitz bezala, ziklo-krosean ere munduko txapeldun izan da aurten. Ikusgarria. Eta 25 urte bakarrik ditu.
Gaur, gizonezkoak
Vosek Caubergeko azken igoeran jo zuen eraso erabakigarria atzo, eta gaur ere ziurrenik une berean egingo da azken galbahea gizonezkoen errepideko proban. Txapeldun izan nahi duenak ondo kokatuta iritsi beharko du Caubergeko azken igoerara, eta behin hori lortuta, barruan duen ia guztia eman. Ia guztia, gainetik helmugara 1,7 kilometro daudelako, eta gerta litekeelako esprintean erabakitzea garaipena, eta horretarako indar pixka bat gorde behar izatea. Hori egiten saiatuko dira Philippe Gilbert, Alejandro Valverde, Joaquim Rodriguez, Peter Sagan, Edvald Boasson Hagen... Hautagaien zerrenda luzea da .
Vos, etxean, eta nahierara
Herbehereetarrak irabazi du errepidekoa Munduko Txapelketan; Iturriagaetxebarria 35 eta Santesteban 54.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu