Vos gabe ere, ikustekoa

Emakumeen Bira gaurtik igandera bitarte jokatuko da, eta lau etapaz osaturik dago; aurreko urteetakoa baino leunagoa izango daVos faborito nagusia ariko ez denez, itzulia irabazteko hautagai zerrenda luzatu egin da

Judith Arndt 2010eko Emakumeen Birako etapa bat irabazteko zorian, atzean txirrindulari bat duela. Aurten ere faboritoetako bat da. MONIKA DEL VALLE / ARP.
jon eskudero
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Emakumeen Birak munduko txirrindularirik onenak bilduko ditu berriz ere gaur hasi eta igandera bitarte, 25. urteurrenean. Durangaldeko bihotzean ekingo zaio, Iurretan (Bizkaia), eta lau eguneko lehiaren ondoren, bertan amaituko da. Bi etapa nahiko lau, menditsu bat eta erlojupeko bat jokatuko dira, eta hasiera batean badirudi oreka izango dela nagusi. Marianne Vos (Rabobank) da iazko txapelduna, eta irabazteko faborito nagusia ere hura zen, baina ez du parte hartuko, orain bi aste lepauztaia hautsi zuelako, eta horrek indarrak berdinduko ditu. Dena den, Vos gabe ere ikustekoa izango da itzulia, izen handirik ez baita faltako.

UCIren sailkapenean dauden lehen zortzi txirrindularietatik sei lehiatuko dira Bizkaiko errepideetan, Emakumeen Biraren kalitatearen seinale. Guztira hogei talde egongo dira irteera lerroan, eta, Vos falta denez, Greenedgeko kideak ageri dira faborito: Judith Arndt —2009ko txapelduna eta azken bi urteetan hirugarren gelditu dena— eta Claudia Hausler —2010eko txapelduna eta 2009ko txapeldunordea—. Kontuan hartzekoak dira baita ere Emma Johansson (Hitec), Nicole Cooke (Faren Honda), Noemi Cantele (Columbia) eta Emma Poole (AA Drink ).

Azken horrek erakustaldia emanda irabazi zuen herenegun Durango-Durango klasikoa, eta erakutsi zuen sasoi betean dagoela. Gainera, haren ezaugarriak aintzat hartuta, ibilbide aproposa izango du egun hauetan, eta erne ibili beharko dute gainontzekoek ingelesarekin. Euskal ordezkariei dagokienez, Eneritz Iturriagaetxebarriak (Lointek) du nabarmentzeko aukera gehien. Haren taldean, Mireia Epelde eta Ana Usabiaga ere ariko dira. Bizkaia-Durango taldeko maillotarekin, berriz, Cristina Alcaldek, Dorleta Eskarmendik eta Ane Santestebanek parte hartuko dute. Debabarrena-Gipuzkoa taldea ez da lehiatuko.

Etzi, soilik erlojupekoa

Ibilbideari dagokionez, aurreko urteetakoa baino samurragoa izango da. Izan ere, txirrindulari asko Londresko Olinpiar Jokoetan izango dira, eta bertan ahalik eta lan onena egiteko prestaketa gisa erabiliko dute Emakumeen Bira. Antolatzaileek ez dute gogortasun handirik ezarri nahi izan ziklisten asmoak hankaz gora ez jartzeko. Ibilbidean, beraz, aldaketa batzuk egin dituzte.

Gaur eta bihar etapa nahiko lauak izango dituzte. 97 kilometro osatuko dituzte gaur Iurreta eta Matiena artean, eta 98 eskas bihar, Lekeition hasi eta bukatuko den etapan. Etzi, berriz, erlojuaren aurka ariko dira ziklistak. Bada, azken aurreko etapa horretan dago aurtengo berritasun nagusia, bi sektore izan beharrean erlojupeko bakarra jokatuko delako, 13,4 kilometrokoa, Urduñan. Itzulia etapa nagusiarekin amaituko da, Urduñatik Iurretara 116 kilometro eginda. Bidean Zumeltza, Urkiola eta Duñako gainak igo beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.