Vueltak Euskal Herria igarotzea «inposizio politikoa» dela salatu du ESAITek

Unipublicek ez dio erantzun iritzi taldearen deiari, eta aurki emango ditu ezagutzera bere egitasmoak

ESAITeko kideak, atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Abuztuaren 20an Alacantenhasi (Herrialde Katalanak) eta irailaren 11n Madrilen bukatuko den Espainiako Vueltak hautsak harrotu ditu Euskal Herrian. Hamazazpi urte geroago, bi etapa amaiera egongo dira Euskal Herrian, eta azken aurreko etapa—irailaren 10ekoa, Bilbo eta Gasteiz artekoa— bere osotasunean jokatuko da euskal lurretan barrena. Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldearen ustez (ESAIT), Vuelta berriro Euskal Herrira itzultzeak «ezinegona sortu du euskal gizartean», eta neurriak hartu behar dituela ikusi du.

Martxel Toledo ESAITeko koordinatzailearen iritziz, Espainiako Vuelta Euskal Herritik igarotzea PP eta PSE-EE alderdiek adostutako eta «inposaturiko erabaki politiko» bat baino ez da; Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko zein Gasteizko Udalek euskal txirrindulari zaleen artean «nortasun espainiarra barneratzeko» asmoz eginiko kirol ekitaldia. Iritzi taldearen ustez, joera horren adibide dira, era berean, 2010eko Munduko Futbol Kopan Espainiako selekzioaren alde egindako kanpaina eta Espainiako saskibaloi Kopako partidak Gasteizen edo Bilbon jokatu izana.

Patxi Mutiloa Jaurlaritzako kirol zuzendariak euskal txirrindularitza zaleentzako «oparitzat» jo zuen Espainiako Itzulia Euskal Herriko errepideetan ikustea. Toledok erantzun egin zion: «NojaBilbo etapara, Guardia Zibila etapa babesteko ekartzeko gai dira. Euren errespetu falta da inposaketa». Gai berean, duela zenbait egun Jens Voigt txirrindulari alemaniarrak euskal zaleen inguruan idatzitako gutun hunkigarria hedabideen aurrean publikoki eskertu nahi izan zuen, Voigt Tourreko etapetan biltzen diren zaleen berotasunaz eta errespetuaz mintzatu baitzen.

Normalkuntza egoera baten barruan Espainiako Vuelta euskal lurretatik igarotzea erabaki okerra dela erantsi zuen Toledok,eta galdera bat egin zien ordezkari politikoei. «Nola da posible normalizazioaz hitz egitea gure kirolariek nahi duten selekzioan jokatzeko aukerarik ez dutenean?».

ESAITek salatu zuenez, Unipublicek, Espainiako Vuelta antolatzen duen elkarteak, ez dio erantzun iritzi taldeak ekainaren 22an bidalitako gutunari. Idazkian ESAITek zituen kezka eta zalantzak ageri ziren, eta horren inguruko informazioa bildu nahi zuen ondoren hartu beharreko neurri egokienak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeko.

Erantzunik jaso gabe, iritzi taldea Vuelta Euskal Herritik igarotzen den egunetan nola jokatu hausnartzen hasia da. Toledok zehaztu zuenez, Txirrindularitza bai, inposaketarik ez lelopean egingo dute publiko euren jarrera. Gauzak horrela, dagoeneko alderdi politiko, sindikatu eta beste zenbait eragilerekin harremanetan jarriak dira zer egin beharko litzatekeen erabakitzeko. Solasaldi horietan adostutakoaren berri hurrengo egunetan emango dute.

Vuelta Euskal Herritik igarotzea diru xahuketa izugarria dela erantsi zuen ESAITek. «Gasteizko eta Bilboko Udalek dirutza ordaindu dute bi hiriburuek etapa amaiera izan dezaten». Gaineratu zuenez, «kezkagarria» da kanpoko lasterketei ematen zaien babesa, euskaldunen nortasun ikur diren Urkiolako Igoera, Zornotzako klasikoa, Euskal Bizikleta eta gisa bereko etxeko lasterketak desagertuz doazen bitartean.

Toledoren ustetan, Burgosek (Espainia) egindakoa izan behar du euskal hiriburuen eredu: arazo ekonomikoen eraginez Vueltako etapa bat hartzeari uko egin,eta horren ordez Burgosko Itzuliaren alde lan eginez etxeko lasterketa sustatu, indartu eta egonkortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.