Waltary eta Kurutxarri sailkatu dira Superprestige torneoko finalera

Kurutxarrik eroso hartu du mendean Arizmendi (40-16), eta Waltaryk lan asko egin du Ezkurra kanporatzeko (40-33)

jon eskudero
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Abenduaren 5ean ekin zioten Superprestigeko torneoari, txapelketaren ondoren buruz buru jokatzen den lehiarik garrantzitsuenari, eta dagoeneko jakina da nortzuk ariko diren finalean, datorren hilaren 8an: Waltary Agusti eta Annde Kurutxarri. Biak ala biak atzo sailkatu ziren finalera, Donibane Garaziko Garaten. Kubatarrak 40-33 irabazi zion Paxkal Ezkurrari, eta Kurutxarrik eroso hartu zuen mendean Thierry Arizmendi (40-16).

Aspaldiko norgehiagokarik ikusgarri eta onena izan zen jaialdiko lehena. Waltaryk eta Ezkurra II.ak zutik ipini zituzten bertan bildutako pilotazale guztiak. Trinketa leporaino beteta zela, neurketa ona bezain estua jokatu zuten, eta azken txanpan kubatarra gailendu zen.

Hasieratik izan zen lehia oso gogorra. Waltaryk berehala aurre hartu zuen (5-1), baina denbora gutxirako (5-5). Hamargarren tantoraino berdintsu joan ziren bi pilotariak, baina gero Ezkurra II.ak ongi baliatu zuen sakea ihes egiteko (11-20). Zailena eginda zeukala zirudienean, baina, Waltaryk erreakzionatu egin zuen, eta partida berdintzea lortu (25-25). Hortik aurrera tantoak oso izan ziren gogorrak, eta Ezkurra II.a nekatu egin zen fisikoki. Hori baliatuta, garaipen sufritua lortu zuen Waltaryk (40-33).

Kurutxarriren sakea, gaiztoa

Jaialdiko bigarren finalerdiak ez zuen aurrekoarekin zer ikusirik izan. Kurutxarrik sakea ezin hobeto baliatuta, eroso irabazi ziolako Arizmendiri. Lehiak ez zuen kolorerik izan, hasieratik izan baitzen jaun eta jabe irabazlea. Arizmendi bere mailatik urrun aritu zen, eta iaz finala jokatu bazuen ere, aurten ikusle izatea egokituko zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.