Webberrek ez du kale egin

Red Bulleko gidariak 'pole'-a lortu du bigarren aldiz jarraian; Alonsok istripua izan du, eta ez da lehiatu sailkapenean

Laurentzi Garmendia
Berriemaile berezia. Monte-Carlo
2010eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Aurten Mark Webber beste bat da. Bartzelonan hasi zen hori erakusten, eta Monakon jarraitu du. Antza gutxi duten bi zirkuituetan erakutsi du bete-betean dagoela txapelketan murgilduta. Atzo Monakon lortu zuen pole-ak balio bikoitza du, baina. Red Bullen lehena delako bertan, eta Monakok gidari adoretsuak saritzen dituelako. Sari nagusia, hala ere, gaur lor dezake.

«Puntuak ez dira larunbatean banatzen», dio behin eta berriro Sebastian Vettelek. Eta eskerrak harentzat. Espero ez zuen aurkaria agertu baitzaio taldean, eta halakoak gainditzea zailagoak dira. Biek dute material bera, tresna berarekin egiten dute lan. Baina bietako batek goranzkoa hartzen duenean, luzatu egiten da joera. Goranzko horretan sartu da Webber. Duela astebete erakutsi zuen, eta atzo berretsi zuen. Jada ez da noizbehinka irabaz dezakeen bigarren mailako aktorea, baizik eta protagonista, Vettelen kaltetan.

Esanguratsua da Red Bull horren sendo aritzea Monakon. Iaz zuten ahulezia nagusia bihurgune mantsoak ziren, eta Monakon ez da besterik. Australiarra zortzigarren postutik irten zen iaz. Zirkuituak ez du barkatzen: sailkatze saioan asmatzen ez duenak, lasterketa gogaikarria izateko arrisku handia dauka. Arriskatu egin behar da, batez ere larunbatean. Webberrek larunbatetako grina berreskuratu du, Jaguar egiten zuen moduan. Baina igandean ere gauza bera egiten du orain, lehen ez bezala.

Monakon onenek lortzen dute pole-a. Txapelketan laugarren bada ere, gorako bidean da, eta gaur irabaziz gero, izugarrizko bultzada litzateke berarentzat. Inoiz ez da hain ongi aritu, sasoi honetako sei lasterketatik hirutan lortu baitu denborarik onena. Argi dago bide egokia hartu duela.

Kubica, maisu

Webber azkarrena izan zen, eta hori garrantzitsuagoa da txapelketan duen eraginagatik. Baina Robert Kubicak Renault auto bat ezarri zuen lehen lerroan atzo, nahiz eta autoa ez den lehen lerroan sailkatzeko mailakoa. Dagoeneko urte osoa darama poloniarrak emaitza apartak lortzen, eta Australian lortutako bigarren postua horren erakusle nagusia da bakarrik. Taldeak negu zaila igaro zuen, etorkizuna argi ez baitzuen, eta Kubicak dagoen medikuntzarik onena eman dio.

Bigarren postutik aterako da, pistaren alde zikinetik. Baina lehen bihurgunea oso gertu dagoenez, poloniarrak ez du uste hura gainditzeko nahiko tarte dagoenik. Jakitun da bere autoak ez duela Red Bullen abiadura, baina lasterketan hori ez omen da garrantzitsuena. «Lasterketa desberdina da, autoa amaierara eramatea da lehen kezka. Eta, horrekin batera, boxetan une egokian sartzea, zirkulazioa ez dagoenean ateratzea. Ez du horrenbeste axola segundo bat azkarrago edo segundu bat mantsoago izatea», aitortu zion atzo BERRIAri.

Vettelek ere ondo daki hori, eta esaldi oso adierazgarrian laburbildu zuen atzo: «Agian, orain azkarrenak gara, baina ez gara inozoak». Badaki abiadura ez dela guztia Monakon eta egun duten abantaila ez dela irabazteko bermea. Alemaniarrak indar pixka bat galdu du azken lasterketetan, eta zorte txarrak ez du lagundu pertzepzio horretan. Ez dago aurrealdetik urrun, baina azken bi lasterketetako entrenamenduetan Webberrek nahierara irabazi dio.

Guztiak dira jakitun Fernando Alonsoren atzoko hutsari probetxua atera behar diotela. Espainiarrak Massenet bihurgunean istripua izan zuen azken saio librean, eta ez zuen sailkapenean parte hartu. Ondorioz, gaur boxetako zuzengunetik aterako da, azken postuan. Puntuetan amaitzea bilatuko du, baina aurrekoek ahalik eta puntu gehien bildu nahi dute, horretarako aukera ezin hobea baitute. Lehen bihurgunea osorik gainditu behar da hori lortzeko, eta aurten zirkulazio handia dago Monakon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.