Webberren lehena

Red Bull taldeko gidari australiarrak bere kirol ibilbideko lehen 'pole'-a egin du Alemaniako Sari Nagusian, euripean

Laurentzi Garmendia
Donostia
2009ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Mark Webberrek (Red Bull) goia jo zuen atzo Nurburgringen, Alemaniako Sari Nagusiko azken entrenamenduetan. Gidari australiarrak bere kirol ibilbideko lehen pole-a egin zuen. Red Bull taldearen hirugarren pole-a da jarraian -Sebastian Vettelek egin zituen aurreko biak-. Atzo, berriz, Webberren txanda izan zen. BrawnGP autoei aurrea hartu zien. Rubens Barrichello izango du lerrokide, eta Jenson Buttonek Vettelekin osatuko du bigarren lerroa. Euriak baldintzatu zuen saioa, ateriuneak eta euri zaparradak bata bestearen atzetik izan baitziren.

Hiru aste joan dira aurreko lasterketa jokatu zenetik, eta taldeek denboraldi barruan ezin dutenez probarik egin, lantegietan buru-belarri arituta ekoitzi dituzten piezak ari dira probatzen asteburu honetan lehenengoz. Batez ere, BMW eta McLaren izan dira autoa gehien berritu dutenak, baina BMWkoak, etxean ari badira ere, ez dirudi berrikuntzekin asmatu dutenik. Robert Kubica ez zen lehen sailkapena gainditzeko gai izan, eta Nick Heidfeld ez zen bigarrenetik pasatu.

McLaren, berriz, dotore aritu zen, bi gidariak sartu baitzituen azken sailkapenean: Lewis Hamilton bosgarren izan zen, eta Heikki Kovalainen seigarren. Ez da lehen aldia aurten, baina azken lasterketetan hartutako bidea ikusita, atzoko emaitza aldaketa handia da. Baina atzoko saioan meriturik azpimarratu behar bada, Adrian Sutil eta bere Force Indiak egindakoa da zalantzarik gabe. Alemaniarrak zazpigarren denbora egin zuen, eta pistara noiz atera oso ondo erabaki zuen.

Uztailaren 11 izan arren, euria agertu zen Eiffel inguruan (Alemania). Tenperaturak behera egiteaz gain -hamahiru gradu bakarrik zituzten-, euria joan eta etorri aritu zen, eta entrenamendu saioa xake partida bilakatu zen. Azkarra izatea ez zen nahikoa, pistara ateratzeko unea zen erabakigarria. Onenek horretan ere asmatzen dute, horregatik sailkatu ziren lehen lau postuetan Red Bull eta BrawnGP.

Haien atzetik McLaren autoak daude, baina zein da benetan hirugarren talderik onena? Silverstonen Ferrari, Williams eta Toyotaren artean zegoen, baina Nurburgringen egoera erabat aldatu da. Oso nahasia dago ordena, Red Bull eta BrawnGP taldeak kenduta. Gainera, atzo euria egin izanak, gehiago nahastu zuen dena.

Hortaz, gaurko lasterketarako pronostikoak garesti daude. Euria espero da berriro, eta horrek Nurburgringen lehenago korritu diren lasterketa mitikoen oroitzapena dakar. Azkena, duela bi urte, non sekulako euri jasak auto andana pilatu zuen lehen bihurguneko ihesbidean. Gaur auskalo zer gertatuko den.

Webberrek aukera aparta du Vetteli sailkapenean aurre hartzeko. Nahiz eta Vettel izan momentuko izena, australiarra alemaniarrarengandik hiru puntu eta erdira bakarrik dago. Edozein moduz, hotza espero da gaur Nurburgringen, eta BrawnGP autoek ez dute hori gustuko, are gutxiago Buttonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.