Tramite bat gehiago zen, pentsatzekoa zen lortuko zuela, baina baieztapena falta zen, eta iritsi da. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) lau urterako lizentzia eman dio Euskalteli, eta, beraz, hurrengo lau urteetan World Tourreko taldea izango da Igor Gonzalez de Galdeano buru duen proiektu berria. Ezuste handi bat izan da UCIren txostenean, World Tourretik kanpo utzi duelako Katuxa taldea, Joaquim Rodriguez aurtengo World Tourreko garailea taldean izan arren. Aitzitik, World Tourreko hemezortzi taldeen artean sartu du Saxo Bank-Tinkoff, Alberto Contadorren taldea.
Ondorengo hemezortzi taldeak ariko dira World Tourrean 2013an: Ag2r-La Mondiale, Argos-Shimano, Astana, BMC, Cannondale, Euskaltel-Euskadi, Rabobank berria, FDJ, Garmin-Sharp, Lampre-Merida, Lotto-Belisol, Movistar Team, Omega Pharma-Quick Step, Orica-Greenedge, RadioShack-Nissan, Saxo-Tinkoff, Sky eta Vacansoleil-DCM. Profesional Kontinental mailarako lizentzia eskuratu beharko du orain Katuxak, eta gonbidapenen zain geratu beharko du lasterketarik onenetan aritzeko.