Txirrindularitza

World Tourra 19 taldek osatuko dutela baieztatu du UCIk

"Salbuespen neurri gisa" hartu du erabakia Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI), Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) joan den astean Katuxari arrazoia eman ondoren. 

2013ko otsailaren 18a
19:30
Entzun

Talde bat mailaz jaistea edo behin eta berriz esandakoa ez betetzea. Beste irtenbiderik ez zeukan Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI). Eta bigarrenaren alde egin du azkenean. "Irizpide ekonomikoengatik", World Tourretik kanpo utzi zuen UCIk Katuxa, baina Errusiako taldeak helegitea jarri zuen, eta Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) arrazoia eman zion joan den astean.

World Tourrean, berez, hemezortzi talderentzat zegoen lekua, eta hemeretzigarrena zen Katuxa. Horren eraginez, TASen erabakiaren ondoren, maila galtzeko arriskuan zegoen ondorengo zazpi taldetako bat: Ag2r, Euskaltel-Euskadi, Blanco, Garmin-Sharp, Argos-Shimano, Saxo-Tinkoff edo Katuxa bera. UCIren erabakiarekin, arnasa lasai hartzeko moduan dira guztiak.

Baina zalaparta sortuko du UCIren erabakiak, gonbidapena banatuta zeukaten probei arazo handia sortu zaielako orain; Italiako Giroari, esaterako. 22 taldek parte har dezakete, gehienez, itzuli horietan, eta lau gonbidapen banatuta zeuzkan jada Giroak; World Tourreko 18 taldeekin batera, Colombia, Vini Fantini-Selle Italia, Bardiani eta Androni-Giocattoli ziren parte hartzekoak. Katuxarekin, ordea, 23 dira jada onartutako taldeak. Antzeko arazoa daukate, besteak beste, Paris-Nizak, Tirreno-Adriatikoak eta Dauphinek ere. Ikusi egin beharko da antolatzaile horiek nola askatzen duten UCIk eta TASek sortutako korapiloa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.