Lau ordu eskas eman zituzten bizikleta gainean txirrindulariek atzo, Vueltako 18. etapan, baina lasterketa bizikletak abian hasi baino askoz lehenago hasten da. Etapa garrantzitsuenetan, bezperan, aurreko etapa bukatu eta berehala. Atzoko etapa garrantzitsua zen, estrategia jokoan murgiltzeko egokia, eta zenbait unetan, txirrindularitzakoa baino gehiago, xake partida baten tankera hartu zuen etapak.
Gredos eta Espainiako Erdiko Mendikateko bideak aproposak dira aurkariak ezustean harrapatzeko, justu doazenak zigortzeko, estrategia on batekin etekin handia lortzeko: errepide txarrak, aldapa luzeak, hauspoa lasaitzeko tarte txikia... Historiak dio etapa biziak, mugituak izan direla beti Avila eta inguruetan bukatu direnak, eta atzokoa ere halaxe izan zen.
CSC eta Caisse d'Epargne Vueltako bi talde indartsuenen arteko borroka itzelak finkatu zuen etapako bilakaera. Mentxov liderra bere aldaretik ezingo duela jaitsi onartuta, Carlos Sastrek podiumera igotzeko plangintza landu zuen taldearekin goizean, etapa hasi aurretik. Sailkapen nagusiko laugarren postua hutsaren hurrengoa delako espainiarrarentzat, dagoeneko, eta podiuma, aldiz, sari interesgarria.
Agindua argia zen. CSCk ordekzari bat edo gehiago eduki behar zituen ihesaldi guztietan, eta hori lortzen ez bazuen, ihesaldiak ezin zuen aurrera egin. Caisse d'Epargnen ere antzeko taktika prestatu zuten, eta etapako lehen 50 kilometroak ikusgarriak izan ziren. Aurrena, CSCk bi lagun sartu eta Caisse d'Epargnek bat. Hurrena alderantziz. Ordubete pasatxo mokoka. Mijares mendateko igoera gogoratzeko modukoa izan zen. Erasoari erasoa, eta kirol zuzendariak urduri. Gainetik bost kilometrora hiruna ordezkari zituzten bi taldeek. Christian Vandevelde, Chris Sorensen eta Volodimir Gustov CSCk. Xabi Zandio eta David Lopez euskal herritarrak eta Vladimir Karpets Caisse d'Epargnek.
Sastrek lasterketa txikitzeko une aproposa zela erabaki zuen. Mijares gainera iristeko bost kilometro geratzen zirela erasoa jo eta sekulako zalaparta eragin zuen tropelean. Mentxovek aise erantzun zion, eta nagusiko hamar onenetan zeudenetatik zazpik eutsi zioten haren erasoari. Karpets eta Igor Anton aurretik ziren, ihesaldian sartu ondoren. Tropeletik Cadel Evansek, Ezequiel Mosquerak eta Samuel Sanchezek eutsi zioten, baina Vladimir Efimkin nagusiko bigarrenak, Manuel Beltranek eta Carlos Barredok ez.
Efimkinen ezinak indarra eman zien CSC eta Euskaltel-Euskadi taldeei. Sastre podiumean zegoen lehen aldiz Vueltan, eta talde laranjako Samuel Sanchezek eta Antonek euren postua hobetzeko aukera ezin hobea zuten. Asturiarrak postu bat, laugarrenera, eta bizkaitarrak bi postu, hamargarrenetik zortzigarrenera.
30 KILOMETROKO JAZARPENA. Mijares gainean 58 segundoko atzerapena zeukan Efimkinek, baina jaitsieran David Lopez, Xabi Zandio eta Txente Garcia-Acosta taldekideen laguntza jaso zuen errusiarrak. 32 segundoraino jaitsi zen bi taldeen arteko aldea. Ikusi ere elkar ikusi zuten, baina Sastrek ere morroi bikainen laguntza lortu zuen. Mijaresen gora atzean geratu ziren Sorensen eta Vandevelderena, eta berarekin zihoan Gustovena. Berriro hiru hiruren kontra. Logika nagusitu zen. CSCko hirukoteak Caisse d'Epargneren hirukotea baino lehenago gainditu zuen Mijares. Indartsuago zeudela pentsa daiteke, beraz, eta lanean beltz hasi zirenean, akabo.
Mijares eta Navalmoral mendateen arteko ordoki faltsuan bi minuturaino igo zen lasterketa buruko taldearen aldea, eta mendate gainean, helmugatik 35 kilometrora, hiru minutura. Azpimarratzekoa da mendate horretan Igor Antonek egin zuen lan bikaina. Erritmo bizia jarri zuen Euskaltel-Euskadi taldeko harribitxiak, eta Caisse d'Epargneko langile finek zuten indar eta fede apurra desagerrarazi.
Xake partida, estrategia, pentsatu bezala zihoan CSCrentzat. Ezin hobeto. Etapa garaipena bigarren mailako helburuazen Sastreren taldearentzat, eta bi minutu pasatxoko errenta lortuko zutela ziurtatu ondoren, tropel burutik desagertu ziren. Euskaltel-Euskadi ez, etapa lortzeko aukera ona zeukalako Samuel Sanchezek. Asturiarra zaintza lanean ibili zen Avilako harresietako lehen igoeran, eta Luis Perez espainiarrak jo zuen lehen erasoari ez erantzutea erabaki. Aurreko taldetxoan garaipena lortzeko helburua zuten beste zazpi edo zortzi lagun zeuden, eta haiek ere garaipena bilatzeko zerbait egingo zutela pentsatu zuen. Ag2rko Goubert eta Dupon, Cofidiseko Monfort, Lottoko Cadel Evans, Liquigaseko Pellizotti, Caisse d'Epargneko Karpets, Karpin-Galiziako Ezequiel Mosquera...
Txirrindulari sorta handia, izen ezagunak, eta Vueltan etapa bat lortzeko erronka gertu. Ez zuten lanik egin. Euskaltel-Euskadiren bizkar utzi zuten erantzukizun osoa, eta haserretu egin zen Samuel Sanchez. Arrazoi osoz, ihesaldian sartu ziren lagun horiek etapa zutelako helburu, Mosquerak eta Karpetsek izan ezik. Agian, Sanchezek Luis Perezen bila irten behar zuen espainiarrak erasoa jo zuenean, baina etapa bukatu ondoren edonork asmatzen du zer egin behar zen. Lasterketa une beroenean dagoenean zaila da erabaki horiek hartzea.
SaILKaPenaK
HEMEZORTZIGARREN ETAPA
1. Luis Perez (Andaluzia) 3.43.45
2. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 41era
3. Franco Pellizotti (Liquigas) d. b.
4. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) d. b.
5. Denis Mentxov (Rabobank) d. b.
6. Ezequiel Mosquera (Karpin-G.) d. b.
7. Stephane Goubert (Ag2r) d. b.
8. Carlos Sastre (CSC) d. b.
9. Maxime Monfort (Cofidis) d. b.
10. Vladimir Karpets (C. d'Epargne) d. b.
11. Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) 47ra
12. Hubert Dupont (Ag2r) 1.00ra
13. Daniel Moreno (Relax) 3.01era
14. Marcus Ljungqvist (CSC) 3.04ra
15. Aliaksandr Usau (Ag2r) 3.07ra
16. David Garcia (Karpin-Galizia) d. b.
17. David Herrero (Karpin-Galizia) d. b.
18. Oliver Zaugg (Gerolsteiner) d. b.
19. Aleksander Kolobnev (CSC) d. b.
20. Sylvain Chavanel (Cofidis) d. b.
NAGUSIA
1. Denis Mentxov (Rabobank) 74.22.13
2. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 2.27ra
3. Carlos Sastre (CSC) 3.02ra
4. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 4.01era
5. Vladimir Efimin (C. d'Epargne) 4.27ra
6. Ezequiel Mosquera (Karpin) 4.35era
7. V. Karpets (Caisse d'Epargne) 6.17ra
8. Igor Anton (Eusk.-Eusk.) 7.47ra
9. Manuel Beltran (Liquigas) 8.00ra
10. Carlos Barredo (Quick Step) 8.48ra
11. Maxime Monfort (Cofidis) 9.04ra
12. Luis Perez (Andaluzia) 10.21era
13. Daniel Moreno (Relax) 11.54ra
14. Stephane Goubert (Ag2r) 12.08ra
15. David Lopez (C. d'Epargne) 15.07ra
16. L. Bertagnolli (Liquigas) 15.16ra
17. Oliver Zaugg (Gerolsteiner) 16.01era
18. Sylvain Chavanel (Cofidis) 18.17ra
19. Chris Sorensen (CSC)20.31ra
20. Roman Kreuziger (Liquigas) 20.51ra
Xake gurpilduna
Estrategia joko ederra ikusi da Avilan, eta Sanchezek eta Antonek gora egin dute nagusian; Luis Perez garaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu