Xala-Laskurainek derrigorrean irabazi behar dute gaur

Olaizola II.a-Beroizen aurka ariko dira Ogetan; ia bi urteren ondoren, Gasteizera itzuliko dira txapelketa partidak

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Xalak eta Laskurainek binakako txapelketan jarraitzeko aukera dute jokoan gaur, Gasteizen, Ogeta pilotalekuan (17:00, Nitro). Olaizola II.a eta Beroiz oraindik partidarik galdu gabe dagoen bikoteari irabaztera behartuta daude finalerdietan sartu ahal izateko. Partidak adina ikusmin sortu du pilotalekuaren hautuak, 21 hilabete pasatu direlako Gasteizen azken txapelketa partida jokatu zenetik. 2010eko manomanista finala izan zen.

Bi jardunaldi falta dira binakako txapelketako sailkatze faseko ligaxka bukatzeko. Partida bat galtzeak bikoteak matematikoki finalerdietatik kanpo utz ditzakeen garaia da. Xala eta Laskurainen ataka da, orain bosgarren postuan baitaude, sei partida irabazita, eta, irabazi ezean, oso zail izango dute lehen lauren artean sartzea. Bide horretan, aurkari zailenak izango dituzte gaur, aspalditik sailkatuta egon arren Olaizola II.ak eta Beroizek ez dutelako jaitsi erritmoa.

Aspekoentzat gaurkoa da partida garrantzitsua, azken jardunaldian Berasaluze VIII.ari eta Albisuri irabazi aurretik. Lehen hiru partidak galdu ondoren, bidea zuzendu zutela zirudien, eta finalerdietan sartzeko arazorik ez zutela izango. Azken bi partidak, baina, burumakur bukatu dituzte, eta kinka larrian daude orain, ezustekoa ematera behartuta. Lehen itzulian, Olaizola II.ak eta Beroizek 22-17 irabazi zuten.

Asegarceko bikoteari dagokionez, marka jarri nahi duela dirudi. Hamabi partida irabazi ditu jarraian, eta aspaldi sailkatu bazen ere, ez da erlaxatu. Aurreko astean, esaterako, ez zieten inolako aukerarik eman Bengoetxea VI.a eta Apraiz enpresakideei (22-12).

Bestalde, erremintan ere jaialdi garrantzitsuak egongo dira gaur. Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:30), Lujanek eta Fustok munduko buruz buruko pala txapelketako finalerdietako ligaxkako partida jokatuko dute. Galarretan, berriz, Zeberio II.a-Zubizarretak eta Ezkurra-Zubirik erremontean Sagardoaren Txapelketako finalerdietarako azken txartela izango dute jokoan. Zeberio-Zubizarretak 35 tanto egitearekin aski dute aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.