AZKEN ORDUKOA

Xalak ez du jarraituko Aspen

Aspek jakinarazi duenez, ez dio kontratua berrituko Xalari. Nolanahi ere, jokatzen segitzeko asmoa du lapurtarrak, ezkerparetan edo trinketean.

Xala, Tolosako Beotibar frontoian, orain bi urte. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
2016ko otsailaren 2a
08:48
Entzun

Otsailaren 21ean jokatuko du azken partida Yves Xalaberri Xala-k(Lekuine, Lapurdi, 1979)Asperekin, Eibarko Astelenan (Gipuzkoa). Julen Martijarekin jokatuko du, eta haren azken partida Martijaren aurrenekoa izango da —egun horretan debutatuko du—; Retegi Bi eta Cecilio izango dituzte aurrez aurre. Gainera, enpresak jakinarazi duenez, Lapurdin ere jarriko diote partida bat, agur gisara.

Nolanahi ere, pilotan jarraitzeko asmoa du Xalak, eta bi aukera ditu horretarako: ezkerparetan, Garferekin, edo trinketean, Eskupilotarekin. Edo biak ere egin ditzake.

Behobian (Lapurdi) bildu dira Fernando Bidarte Aspeko burua eta Lekuineko pilotaria. Bilera adeitsua egin dute, eta berretsi egin da Aspeko buruak asteburuan egindako adierazpenen ostean espero zena: Xalari ez diote berrituko kontratua.

Xalak 2000. urtean egin zuen debuta, Asperekin azken partida jokatuko duen toki berean: Eibarren. Eta ez du nolanahiko palmaresa osatu hamasei urteko ibilbidean: Binakako Txapelketa irabazi zuen 2002an, 2007an eta 2010ean; eta buruz buruko txapela irabazi zuen 2011n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.