Binakako San Fermin torneoak gaur ezagutuko ditu aurtengo txapeldunak (22:15, ETB1). Labriteko zaleek Pobre de mí-a abesten duten bitartean Xala-Pascualek eta Martinez de Irujo-Merino II.ak udako lehen trofeoa izango dute jokoan. Faboritoren bat nabarmentzea ez da erraza, baina Xalak azken partidan erakutsi zuen sasoia bere alde eginarazteko modukoa izan zen. Lekuinekoak laugarrenez irabazi dezake gaur Iruñeko torneoa. Aurreko garaipenak 2003an, 2007an eta 2008an izan ziren. Beste hiru finalistek ez dute inoiz irabazi.
Kirol legeari esker sailkatu dira Xala-Pascual finalerako. Herenegun Olaizola II.ak eta Albisuk 21 tanto egin behar zituzten Bengoetxea VI.a eta Beroizen aurkako partidan finalerako sailkatzeko; eta biak enpresa berdineko bikoteak izanagatik, eta garaipenak Aspeko bikote bati mesede egin arren, Bengoetxeak eta Beroizek 22-17 irabazi zuten. Apustuak nabarmen zituzten aurka, baina ondraduak direla erakutsi zuten.
Sailkatze faseko B multzoko azkena partida gogorra izan zen, ia 600 pilotakadakoa, eta hori ez da kopuru makala feria lehia baterako. Hasiera orekatua izan zen (5-5, 8-8 eta 14-12). Aldeak txikiak ziren, eta galtzaileak aurretik iritsi ziren azken txanpara (17-16). Bengoetxea VI.ak eta Beroizek,baina, freskoago bukatu zuten lehia, eta jarraian egin zituzten azken bost tantoak. Partidako aldea atzeko koadroetan egon zen: Beroizek, laukoteko onenak, tanto bat egin eta bi huts egin zituen; Albisuk, berriz, tanto bat egin eta zortzi huts egin zituen. Ataungoari asko kosta zitzaion Uhartekoari bizkarra erakustea.
Zubietak, hamar egunerako
Aitor Zubietak ezingo du partidarik jokatu hamar egunetan. Etxarrikoak orkatila bihurritu zuen herenegun Iruñean, baina ez da lesio larria. Tratamendu normala jarri dio medikuak, masajea, hotza eta ezer gutxi gehiago. Heldu den asteburuan partida du Errenteriako festetan, eta ordurako osatuta egongo dela uste du atzelariak. Era berean, ez du arazorik izango bere ezkontzan dantzatzeko, Zubieta bihar ezkonduko baita, Lekunberrin (Nafarroa).
Xalak San Fermin torneoa laugarrenez irabazi nahi du gaur
Pascualekin batera, Irujo eta Merino II.aren aurka jokatuko du finalean; ez dago faborito argirik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu