edurne elizondo

Xarapovaren modura

2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Nagusitasun osoz. Halaxe irabazi zuen Maria Xarapovak Roland Garroseko atzoko finala, Sara Erraniren aurka. 6-3 irabazi zuen lehendabiziko seta, 36 minutuan; eta 6-2 bigarrena, 53an. Parisko Grand Slama zen errusiarrak lau torneo nagusien artean falta zuen bakarra. 2004an nagusitu zen Wimbledonen, 2006an AEBetako Irekian eta 2007an Australiakoan. Pariskoa lortuta, WTA zerrendako lehendabiziko postura itzuliko da bihar Xarapova. Bere modura jokatu zen atzoko finala, eta saria errusiarrak eraman zuen etxera.

Errani ezustean ailegatu zen Roland Garroseko finalera, nahiz eta bikoteka txapela jantzi. Lehiaketa hagitz ona egin du italiarrak, baina partida nagusian, urduritasunak hartu zuen Errani. Bi tenislarien arteko aldea, gainera, agerian gelditu zen pistan. Gehiegi sumatu zitzaion italiarrari erronka handia zela atzokoa. Bertzelako jarrera erakutsi zuen Xarapovak: irabazlearena. Parisen lehen aldiz irabazteko irrikan zen, eta grina hori pizgarri izan zuen. Partida amaituta erakutsitako pozak eta emozioak ezerk baino hobeki islatu zuten Xarapovaren irabazteko gogoa.

Partidaren hasieratik erakutsi zuen Xarapovak bere indarra. Hamalau minutuan 4-0 irabazten ari zen lehen seta. Momentu horretan, errusiarraren sakea hautsi zuen Erranik, eta 4-1 jarri zen. Partidan sartzen hasi zen italiarra. Bere kolpeekin Erranik itxaropenari zabaldutako atea, halere, laster itxi zuen Xarapovak. 5-3 jarri zen aurretik errusiarra. Xarapovak seta irabazteko izan zituen lehendabiziko bi aukerak hutsean utzi zituen Erranik, baina hirugarrenean, ezin izan zuen. 6-3, eta lehen seta Xarapovarentzat.

Bide beretik joan zen bigarrena. Tarteka baino ez zituen erakutsi Erranik Xarapovaren nagusitasuna kolokan jartzeko moduko kolpeak. Gehiegizkoa zen finalaren zama italiarrarentzat. Azken unera arte borrokatzeko grina erakutsi zuen, hala ere, eta ikusleen txaloak eskuratu zituen erakutsitako gogo hori eskertzeko. Bi joko baino ezin izan zituen irabazi Erranik bigarren setean. Ezintasuna erakusten zuen haren aurpegiak partidaren amaieran. Xarapovarenak, berriz, zoriontasuna. Erabatekoa, gainera.

Gaur, Nadal eta Djokovic

Gaur gizonezkoak ariko dira Roland Garroseko finalean: Rafa Nadal eta Novak Djokovic nor gehiago. 15:00ean hasiko da partida, eguraldiak uzten badu behintzat. Iragarpena ez da ona.

Djokovic da WTAko zerrendaburua, baina serbiarrak Nadal jo du faboritotzat. Gogoratu du, hala ere, lur harrotuan hainbat aldiz irabazi diola aurretik Nadali eta berriz ere lortzeko moduan dela. Nadalentzat Roland Garroseko zazpigarren finala izanen da gaurkoa. Aurreko seiak irabazi egin zituen. Gaur ere saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.