Xehetasun garrantzitsuak

Bilbo Basketek ez du hiru laurdenetako lan ona biribiltzen asmatu, eta lidergoa galdu du Real Madrilen aurka

Andoni Urbistondo.
Bilbo
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Harri bat topatu du bidean, baina harri txikia. Bilbo Basketek ligako lidergoa galdu du, baina justu-justu galdu du aurrekontuz eta talentuz askoz handiagoa den taldearen aurka, eta partidako minutu gehienetan egindako lan onean jarri behar du burua, hurrengo astetan onenen pare jarraitzeko. Real Madrilen aurka galtzea ez delako larria, eta lidergoa galtzea ere ez. Bilbo Basketek xehetasun txiki batzugatik galdu zuen neurketa. Pilatzearen poderioz garrantzitsu, erabakigarriak bilakatu ziren xehetasunak.

Zeintzuk? Bospasei puntuko aldea lortu zuenean beste pausotxo bat emateko ezina, neurketa hausteko. Bizpahiru alditan izan zuen aukera.28-23koarekin, 50-45ekoarekin, eta batez ere, norgehiagokako une erabakigarrian: 70-65 etxekoen alde hiru minutu falta zirela. Real Madrilek Katsikarisen taldeak baino gehiago asmatu zuen une horietan, eta ez zion aurkariari ihes egiten utzi. Etxekoek garesti ordaindu zuten ezin hori, partida galtzeraino.

Jokalariek kontrola ditzaketen xehetasunak dira horiek, sakon aztertu eta saihesten ikasi beharrekoak. Kontrolagaitzak dira beste batzuk. Epaileen lana, adibidez. Erabakigarriak izan ziren edo ez, iritzi ezberdinak egongo dira, baina azken laurdenean txikiaren kontra, eta handiaren alde egin zuten. Nabarmen gainera. Azken laurdeneko lehen hiru minututan hiru falta adierazi zizkioten Real Madrili. Hurrengo zazpi minututan beste bat baino ez, eta partida bukatzeko 2,9 segundo bakarrik falta zirela. Real Madril, aldiz, hiru minuturen faltan sartu zen bonusean. Kasualitatea izango da, baina hala gertatu zen. Vasileiadisi azken jokaldian baloia oinarekin ukitu izana adieraztea bezala. Epaile batek gauza bat adierazi zuen, Bilbo Basketen alde, besteak oina. Azken hori nagusi, eta arnasa madrildarrentzat.

Epaileen erabakiak

Eta halere, partida irabazteko aukera izan zuen Blumsek. Jarrera behartuan, baina aukera. Ez zuen asmatu, aurreko jokaldian bezala, baina bizkaitarrek pozik egoteko arrazoi asko dituzte. Esaterako, Aaron Jacksonek bigarren zatian emandako aurrerapausoa. Estatubatuarrak -5eko balorazio kaskarra pilatu zuen lehen zatian. 14 puntu saskiratu zituen bigarren zatian. Mavroeidisek ere borroka polita mantendu zuen Ante Tomic erraldoiarekin, eta zaleen txalo zaparrada jaso zuen. Gorabeheratsuago aritu ziren Mumbru, Carlos Suarezen defentsa gainditu ezinik, eta Blums eta Warren jaurtitzaileak, hirukoetan asmatu ezinik. Trukean, oso txukun aritu zen Josh Fischer joko antolatzailea, Javi Rodriguezen ordezkoa ote den zalantza sortu arte. Rancikek ere agur ona eduki zuen, zazpi puntu saskiratuta.

Zenbakiek ez dute gezurrik esaten. Argi erakusten dute Real Madril merezimendu osoz nagusitu zela. 82 puntuko balorazioa lortu zuen, eta Bilboko taldeak 64 baino ez. Warren, Vazquez eta Hernandez-Sonsecaren balorazio negatiboa zama handiegia izan zen. Espainiarren artean, bi jokalariren lan aparta nabarmendu behar da. Sergio Rodriguez joko antolatzailearena lehen zatian, 12 puntu eta hiru asistentziarekin, eta Carlos Suarez hegalekoarena bigarren zatian. Suarezek -1eko balorazioa zeukan atsedenaldian, 19koa partida bukaeran. Mumbru bikain defenditu zuen, eta 13 puntu sartu eta 8 errebote hartzeko denbora ere eman zion.

Valladolid izango da bizkaitarren hurrengo aurkaria. Real Madrilen aurkako porrota ahazteko aurkari aproposa.



Bizkaia Bilbo Basket 73

Real Madril 75

Bizkaia Bilbo Basket. Jackson (14), Blums (3), Mumbru (11), Banic (7), Hernandez-Sonseca -hasierako bostekoa-; Warren (1), Fisher (7), Mavroeidis (10), Rancik (7), Vazquez eta Vasileaidis (13).

Real Madril. Rodriguez (13), Llull (13), Suarez (13), Tomic (14), Reyes (2) -hasierako bostekoa-; Velickovic (3), Garbajosa (4), Fischer (9), Tucker (2) eta Vidal (3).

Markagailua. 18-20, 36-32 (atsedenaldian); 55-54 eta 73-75.

Epaileak. Perez, Perea eta Martinez. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 8.534 ikusle inguru Bilbo Arenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.