Miguel Artxanko. Osasunako presidentegaia

«Zabaletak ez dauka arrastorik egun futbol profesionala zer den»

Javier Zabaletaren ezagutza falta kritikatu du Miguel Artxankok, eta azpimarratu du «Osasunaren egonkortasuna» ziurtatzen duela euren hautagaitzak. Faboritoa da gaur egingo diren bozetan.

Iruñea
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Osasuna barrutik ezagutzearen abantaila dauka Miguel Artxankok (Iruñea, 1949) klubeko presidentetza lortzeko bidean. Errealitatea ez ezagutzea leporatu dio Javier Zabaletari, eta gogoratu du 1980ko hamarkadako egoerarekin amestea ez dela logikoa, «futbola asko aldatu baita azken hamarkadetan». Faboritoa da gaur egingo diren hauteskundeetan, baina badaki Patxi Izkoren arrastoak ezabatu nahi dituztenek Zabaletari emango diotela botoa.

Hauteskunde egunerako prest?

Bai, prest. Oso ongi prestatuta, gainera.

Inkestarik ba al duzue esku artean?

Bat ere ez. Ez dut nahi horri begira egoterik, eta norbaitek zerbait baldin badaki niri ezer ez esateko eskatu diet.

Patxi Izkok zure aldeko kanpaina egin du, eta haren zuzendari ohia zara. Abantaila ala desabantaila da hori?

Ez bata eta ez bestea. Bazkideek badakite bi hautagaien egitasmoak zein diren, eta Izkok nor babestu duen aintzat hartu gabe hartuko dute erabakia. Klubari egonkortasun handiena ematen dion hautagaitzaren alde egingo dute.

Javier Zabaletak ederki baliatu du zu Izkoren presidenteordea izatea zure hautagaitza kritikatzeko.

Bai, azken hamar urteetan Osasunaren alde egin ditugun gauza on guztietatik bakar bat ere ez du onartu nahi. Hamar urtean Lehen Mailan egon da taldea, eta UEFA kopako finalerdiak jokatu ditu, baita Espainiako Kopako final bat ere. Azken denboraldian zazpigarren izan da taldea. Gauza on asko izan dira, baina hori ez du aipatzen Zabaletak. Presidente banaiz, oraintxe sinatuko nuke nik Patxi Izkoren agintaldian lortutakoa errepikatzea. Taldea hurrengo hamar urteetan ere Lehen Mailan izango dela jakinez gero, ez ginateke presidentetzarako bi hautagai soilik izango. Osasuna arrisku handiko kluba dela da arazo bakarra.

Taldea hamar urtean maila gorenean izatea da, Zabaletaren ustez, Izkok egindako gauzarik onena, baina zorraren handitzea eta harrobiko lan eskasa kritikatu ditu.

Ez nago ados. Zorra ez da berak esan bezainbeste handitu; 25,8 milioi euroko zor garbia dugu. Eta ez da oraingo kontua. Gu klubera iritsi gineneko egunkariak irakurtzen badituzu, ikusiko duzu orduan ere hautagaiok gehien klubaren zorra aipatzen genuela. Betiko kontua da. Halere, Osasunaren zorra kontrolpean daukagu, eta hura kitatzeko eta gehiago ez handitzeko ditugun baliabideak ikusita, ni, behintzat, ez nago horrekin batere kezkatuta.

Zabaletak horixe kritikatzen du, hain zuzen ere. Hau da, orain hamar urte Izko presidentetzara iritsi zenean kluba teknikoki kiebrak jota zegoela esaten zuela hark, eta orain hirukoiztu egin dela zorra.

Zorra handitu egin da, bai, baina Osasunaren ondasunek ere ez dute zerikusirik 2002koekin. Gu klubera iritsi ginenean Sadar ere ez zegoen Osasunaren izenean. 2,3 milioi euro ordaindu behar izan genizkion Iruñeko Udalari agiriak eguneratzeko. Eta gero sei milioi euro gastatu genituen fitxaketetan. Fitxaketa horiek handiagoa egin dute Osasuna. Gaur egun, Espainiako futbol talde guztietan ondare handiena duten hiru taldeen artean egongo da Osasuna ziurrenik. Eta harrobiaren inguruko kritikekin ere ez nago ados. Taxoareko teknikariak ondo ari dira lanean. Nafar gehiago iristea nahiko genuke, noski, baina nafarra izatea ez da erabakigarria; harrobiko jokalarien balioa da gauza erabakigarri bakarra.

Futbola barrutik ez duela ezagutzen leporatu diozue Zabaletari.

Ez da ezagutzarik eza soilik. Lotsarik gabe hitz egiten du ezer jakin gabe. Hori da larriena. Zabaletari entzun dizkiodan gauza askorekin ez dakit barre edo negar egin. Gaur egun futbol profesionala zer den arrastorik ere ez dauka. 1980ko hamarkada hartzen du eredu gisa, baina harrezkero asko aldatu da futbola. Zabaletaren informazio falta kezkagarria da, eta Osasunaren ardura izango balu, urduritu egin beharko genuke.

Azken hamar urteetan Izkoren zuzendaritza taldean izan zara. Zer da zure ustez egin duzuen gauzarik garrantzitsuena?

Ondasunaren hazkundea eragin zuten erabakiak, zalantzarik gabe. Ondasunak gure izenean izatea lortu eta gero, Nafarroako Gobernuaren babesa izan genuen zorra hiru bankurekin berriro negoziatzeko. Horrek egonkortasun handia eman zion klubari.

Eta egin duzuen gauzarik txarrena? Damutu al zara hartutako erabakiren batekin?

Ez dakit zer esan. Agian, entrenatzaileen aukeran egin ditugu hanka sartzerik handienak. Aguirreren ostean Urban jartzea zen gure helburua, eta gero Ziganda. Baina Urbanek ez zuen zorterik izan bigarren taldearekin, Zigandak gazteak utzi eta bigarren taldea hartu behar izan zuen eta Aguirre joan zenean Zigandari eman genion aukera. Urban egokiagoa izan zitekeen une hartan, Zigandari bigarren taldearekin hazten joateko aukera emango baitzion horrek, baina ez zen posible izan. Zigandaren balioan fede itsua nuen nik, dena dela, baina futbolean gauza batzuk ondo ateratzen dira, eta beste batzuk ez.

Zabaletak Jose Antonio Camachoren aroa kritikatu du bereziki.

Egoera larrian ginenean taldea salbatzera etorri zen Camacho, eta bete egin zuen helburua. Helburua bete ostean, kontratua luzatzea zen logikoena. Gero ikusi zen ez genuela asmatu, eta orduan hartu genuen Camacho kargutik kentzeko erabakia. Eskatutakoa bete egin zuen Camachok, dena dela, eta Zabaletak aro negargarria izan zela esaten badu, badakigu zergatik esaten duen hori, guk egindako dena negargarria, tamalgarria eta ahaztu beharrekoa delako haren hitzetan. Haren estiloa da.

Camachoren aroan harrobia aintzat hartu ez zuelako kritikatzen zuen aro hori Zabaletak.

Bada, begira, horretan ados egon naiteke Zabaletarekin. Camachori asko kostatu zitzaion Taxoarerekin eta harrobiarekin bat egitea. Horretan arrazoia emango diot Zabaletari. Ez zuen harrobia aintzat hartu, ez zion behar bezalako arreta jarri, baina Lehen Mailan utzi gintuen, behintzat.

Jose Luis Mendilibar da entrenatzaile orain.

Gure agintaldian izan ditugun lau entrenatzaileetatik bat aukeratu beharko banu, Mendilibar aukeratuko nuke. Eta hori esatea asko esatea da, Aguirrerekin zenbat hazi ginen ahazterik ez baitago. Baina dagoen tokian egon nahi du Mendilibarrek, badaki nora etorri den, eta ez dizu ezer eskatzen. Ahal bezainbeste gazte aterako ditu harrobitik, gainera, baina nik berarekin hitz egin izan dut gai horri buruz, eta Mendilibarrek ez die ezer oparituko harrobikoak izateagatik. Gazteen ilusioa ezinbestekoa da entrenatzailea haiekin ilusionatzeko. Eta ados nago berarekin, askotan badirudi nafarrak izateagatik aukera gehiago izan behar dituztela; baina haien esku dago: futbolari izateko gosea izan behar dute. Bigarren taldeetako jokalariak soilik ez, gazte mailetakoak ere ezagutzen ditu Mendilibarrek, eta harrobiko gazteenen inguruan beste inorekin ez dut hitz egin nik, Mendilibarrekin soilik, ez Zigandarekin, ez Camachorekin eta ezta Aguirrerekin ere.

Zuzendari euskaldun bat duzu zure taldean, eta emakumezkorik ez. Zabaletak, berriz, emakumezko bat du. Botoak eskuratzeko estrategia hutsa da?

Gure zerrendan emakumerik ez baldin badago, kasualitatea da.Bete beharreko baldintzetara gizon batzuk egokitu dira, eta euskaldun bat izango da zuzendarien artean, baina ez euskalduna delako. Santxo Bandres ekonomialaria eta kontu ikuskaria da, eta horregatik eskaini nion nire taldean aritzea. Horrez gain, euskalduna baldin bada, ondo baino hobeto. Ikastolan ibilitakoa da, eta haren familian, nirean bezalaxe, euskaraz hitz egitea ez da ezer arrotza.

Azken bi hauteskunde prozesuetan Izkori aurre egingo zion alternatibarik ez zen izan. Oraingoan bi hautagai izatea ona da bazkideentzat.

Ondo esan duzu, ez da alternatibarik izan. Azken hamar urteetan hauteskunderik ez dela izan gogoratu eta gogoratu ari da Zabaleta etengabe, baina ahaztu egiten zaio inor ez zela aurkeztu esatea. Bazkideentzat ona dela uste dut, baina ikusiko dugu botoa emateko eskubidea duten 12.100 bazkideetatik zenbat joaten diren gero botoa ematera. Asko hitz egin bai, baina bazkide askok ez dute bozkatzen, eta hori horrela ez izatea nahiko nuke. Erantzukizuna dute bazkideek, eta garrantzitsua da parte hartzea.

«Osasunak dinastia bat zirudien, eta hamar urteren ostean Izkok bere semerik kutunena utzi nahi digu orain agintean». Zabaletaren hitzak dira.

Gauza bat esango dizut: ez dakit Zabaletak esaten dituen gauzak bere burutik ateratzen diren. Zalantza asko ditut, berarekin egon izan naizenean beste era batekoa dela erakutsi baitit. Buruan disko bat sartu diotela uste dut, nik badakit zeinek, eta Zabaletak disko hori errepikatzen du etengabe. Klubaren inguruko guztiari buruz gaizki hitz egin behar duela esan diote, eta hori egiten ari da. Osasunan dinastiarik ez dagoela argi dago, eta Izkok nire hautagaitza babestea edo Nafarroako presidenteak babestea berdin zait niri. Nik neure proiektua daukat, azaldu diet bazkideei zein den proiektua, eta eurek hartu beharko dute erabakia, askatasunez.

Zorra murrizteko, zein ideia dituzu?

Zorra ez da murriztu soilik egingo; kitatu egingo dugu. Garrantzitsuena da zorra ez dela handituko, diru sarrera gehiago izango baititugu eta likidezia ziurtatuko. Foru Ogasunarekin 28 milioi euroko zorra daukagu, eta ordaindu egingo dugu. Epeekin ez estutzeko bakarrik eskatzen diogu Foru Ogasunari. Hiruzpalau urtean ordaintzeko eskatzen badigute, larri ibiliko gara, baina zotzi-hamar urtean ordaintzeko, inolako arazorik ez dugu izango. Telebistetako kontratu berria eta elastikoko babesle nagusia dira bi diru iturri nagusiak. 1,2 milioi euro kobratzen genuen orain hiru urte elastikoko publizitateagatik, eta azken bi urteetan 200.000 euro eskaini dizkigute; horregatik, ezin genuen horrelakorik onartu. Bizkarrean edo galtzetan publizitatea jartzen dutenek gehiago ordaintzen dute.

Zure ustez, zergatik eman behar dizute bazkideek botoa zuri gaur, eta ez Zabaletari?

Egonkortasuna ziurtatzen dugulako guk. Badakigu zer egin behar den, ondo ezagutzen dugu kluba eta futbol profesionalaren egoera, eta ondo aurreratuak ditugu gauzak. Zabaletak ez du ezagutzarik. Hogei milioi euroko aurrekontua nahi duela esan du, eta hogei milioi euroko aurrekontuarekin kluba ez da batere haziko, eta gehiago esango dizut, Bigarren Mailan izango da, ziur. 30 milioi euro inguruko aurrekontuarekin beti Lehen Mailako aurrekonturik txikiena zuten hiru kluben artean izan gara. Atera kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.