«Zaharra» gazteen erdian

Mike Philips uztartze erdia da Galesko selekzioko jokalari gazteen artean eskarmentua duen bakanetakoa. Gaur finalerdietan ariko da Frantziaren aurka, eta bere lana funtsezkoa izango da.

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Frantziaren aurka historiako Munduko Kopako bigarren finalerdia jokatu aurretik, argi guztien erdian dago Galesko selekzioa. Errugbi analista guztiek zeltiarren gaztetasuna goraipatu dute. Warren Gatland Galesen hautatzaile zeelandaberritarrak pisuzko hainbat jokalari aulkian uztea —Powell, Stephen Jones, Popham, Shanklin...—, eta haien ordez 20 eta 23 urte arteko gazteen alde egitea txalotu dute. Denen ahotan daude North, Halfpenny, Faletau edo Lydiate porruaren hamabostekoaren jokalari gazteak. Sam Warburton, Munduko Kopako historian izan den kapitain gazteena —23 urte ditu— Galesen izar eta ikur bihurtu da.

Hainbeste gazteren artean, baina, zakur zahar batek jarraitzen du Galeseko etxola zaintzen. 29 urterekin, Mike Philipsek hainbat taldekidek elkartuta baino selekzioko partida gehiago ditu pilatuta. Munduko Kopa bukatu ondotik Baionara etorriko den uztartze erdiaren lana ezinbestekoa izaten ari da Galesen arrakastan. Irlandaren aurka partidako jokalari onena izendatu zuten, eta erabakigarria izan zen entsegua sartu zuen.

Philipsen lana oso garrantzitsua da Galesko taldean. Uztartze erdi gisara jokoaren kudeaketaren gakoa dauka Baionako jokalariak. Bere aitzinean batez beste 22 urte baizik ez dituen hirugarren lerroa dauka. Burua izterren artean lotuta duten gazte horiek gidatzen ditu Philipsek, baloia noiz askatu aginduz. Une zailetan ere berak kudeatzen du taldekide gazteen gehiegizko gogoa eta urduritasuna.

Gibeleko lerroarekin ere orain arte zer erran handia izan du Philipsek. Bere ondoan, irekitzailea Rhys Priestland izan da orain arte. 24 urterekin, hura da Priestland gaztearen pisuzko lehen lehiaketa. Mesede egin dio ondoan Philips bezalako eskarmentu handiko jokalaria izateak, Priestlandek berak onartu duenez: «Lehen partida jokatu aurretik anitz hitz egin genuen. Aholkuak eman dizkit, eta gertakariari gehiegizko garrantzirik ez ematen lagundu dit». Frantziaren aurka jokatzeko Priestlandek min hartu du, eta haren ordez James Hook eskarmentu gehiago duen jokalaria ariko da. Arazoa ote Galesentzat ? «Ongi ezagutzen dugu elkar. Azken urteotan elkarrekin aritu gara Sei Nazioetan. Jokalari ona da, eta ez da arazorik izanen», segurtatu du Philipsek.

Baionara bidean

Daukan fisiko indartsuarekin —100 kilo pisatzen ditu— eta esperientziarekin —58 aldiz aritu da Galesekin, eta 2009an Britaniako lehoiekin ere aritu zen—, une onenean dago Philips. Munduko Kopa ederra egiten ari den jokalaria Euskal Herrian ikusteko aukera izanen da laster. Zeelanda Berritik zuzenean etorriko da Baionara. Bera da xuri-urdinen fitxaketa izarretarik bat: «Jokalari handia da. Bere postuan munduko onenetakoa», dio Christian Gajan Baionako kirol zuzendariak. «Baionak oso fitxaketa ona egin du», erantsi du Jean-Pierre Elizalde Baionako jokalari eta entrenatzaile ohiak, Zeelanda Berritik, Munduko Koparen jarraipena egiten ari dela baliatuta.

Zeltiarraren fitxaketak ilusio handia piztu du Lapurdiko hiriburuan. Munduko Kopan Philipsek erakutsi duen mailak irrika handitu egin du Baiona aldean. Deabru gorrien uztartze erdiak ongi daki hori, eta Zeelanda Berritik mezua bidali die Baionako zaleei: «Baionara joateko irrikan nago. Denbora asko pasa da kontratua izenpetu nuenetik, eta, Munduko Kopa tarteko, oraindik ez dut aukerarik izan Baionara joateko. Esperientzia berri honi ekiteko irrikaz nago», erran du, gogotsu, uztartze erdiak. Aturri eta Errobi bertatik ezagutu ez arren, dagoeneko Baionako zaleen ikurra bihurtzeko bidean dago Mike Philips.

GALES-FRANTZIA

Gales. Jenkins, Benett, A. Jones; Charteris, AW. Jones; Lydiate, Warburton (kap.), Faletau; Philips, Hook; Williams, Roberts, Davies, North; eta Halfpenny.

Frantzia. Poux, Servat, Mas; Pape, Nallet; Dusautoir (kap.), Hariñordoki, Bonnaire; Yachvili, Parra; Palisson, Mermoz, Rougerie, Clerc; eta Medard.

Epailea. Alain Rolland.

Lekua. Aucklandeko Eden Park (70.000 ikusle).

Ordua. 10:00 (TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.