Mailari eusteko, gutxienez dozena bat puntu egin beharko ditu Osasunak sasoi amaierara bitartean. Liga bukatzeko hamabost jardunaldi falta direla aintzat hartuta, ez dirudi helburua lortzeko aparteko arazorik izango duenik Jose Antonio Camachoren taldeak. Jaitsiera postuak saihesteko lehian sartuta dauden taldeak hartuko dituzte gorritxoek Nafarroako Erresuman sasoi amaiera bitartean. Hor dago gakoa.
Hargatik, etxetik at puntuak batzea ere garrantzitsua izango da, nahiz eta oso irteera zailak dituen aurretik Osasunak. Lehendabizikoa gaur Sportingen zelaian jokatu beharrekoa da. Molinon zelai zaila dela onartu arren, hurrengo hilabeteetan Osasunak etxetik at jokatuko duen partidarik samurrena izan daiteke gaurkoa. Gaur kale ez egitea oso garrantzitsua da, beraz.
«Sportingek asko estutzen du aurkaria, eta erraz jokatzen ahalegindu behar dugu, bestela asko nahastuko baitizkigu gauzak». Hala adierazi zuen atzo Jose Antonio Camachok gaur arratsaldeko partidaren inguruan. «Bartzelonaren eta Valentziaren aurka jokatu zituzten partidak ikusi nituen, eta, nahiz eta galdu edo berdindu, estu hartu zituzten aurkariak une oro». Osasunako entrenatzailearen esanetan, «oso talde lehiakorra» da Sporting. «Etxetik at irabaztetik datoz, adorez gainezka izango dira, eta ez da erraza izango. Oreka handia espero dut, baina zorteak ere zeresana izango du, aukeretan asmatzea baita gakoa».
Lehenengo gola sartzeari aparteko garrantzia eman dio Camachok. «Partida hauetan gola izaten da gauzarik erabakigarriena. Lehendabizi nork asmatzen duen, horrek dena alda dezake». Begirune handia dio Camachok Manolo Preciadoren taldeari. Eta hori ez da txarra.
Hargatik, gaurkoa zaila bada, Osasunak etxetik at jokatu beharreko hurrengo partidak beldurra emateko modukoak dira: hurrenez hurren, Atletico Madrilen, Bartzelonaren eta Valentziaren zelaietan jokatuko dute gorritxoek. Ondoren, Mallorcari egin beharko dio bisita, etxean jokatu dituen ia partida guztiak irabazi dituen taldeari; eta Santiago Bernabeun ere jokatu beharko du, Real Madrilen aurka. Azken aurreko jardunaldian, Espanyolen zelaian jokatuko du.
Gaurkoa ere partida zaila eta lehiatua izango da. Baina datozen partidak ikusita, Molinonekoa hain zaila denik ere ezin da esan. Sasoi honetan etxean jokatu dituen hamabi partidetatik bost irabazi ditu Sportingek, lau berdindu eta hiru galdu. Oro har, sendo ari da Preciadoren taldea etxean. Baina abendutik etxean jokatu dituen sei partidetatik bakarra irabazi dute espainiarrek -Getaferen aurka, 1-0-; beste hiru lehia galdu eta bi berdindu egin dituzte. Racing eta Malaga ez ziren esku hutsik joan Molinonetik, eta Osasunak ere hori egiten saiatu beharra dauka gaur.
Lesioren baten edo zigorren baten erruz ez bada, ez da oso ohikoa Patxi Puñal Osasunaren deialdietatik kanpo geratzea. Uharteko erdilaria gorritxoen kapitaina da, eta, 35 urte betetzear bada ere, jokalari garrantzitsua da oraindik ere Osasunan. Atzo, halere, Camachok deialditik at utzi zuen euskarri beteranoa: «Ruperrek edo Vadoczek jokatuko du Nekunamen aldamenean, eta Puñalek ez zuela jokatuko banekienez, deialditik at utzi dut, datorren astean ia seguru Nekunamekin egingo dudan bezala». Hurrengo hilabeteak «partidez beteta» daudela gogorarazi zuen entrenatzaileak. «Eta freskotasuna nahi dut. Vadocz eta Ruper oso ondo daudela diote proba fisikoek, eta txandakatzeen ordua da». Camacho ez da txandakatzeen zalea, baina jokalarien egoera fisikoa aintzat hartu beharra dago.
Vadoczentzat azterketa
Bi hilabete eta erdiren bueltan hamabost partida jokatu beharko dituzte Lehen Mailako taldeek, eta arlo fisikoa ondo zaintzea ezinbestekoa izango da talde guztientzat. Camachok ez du arrazoi faltarik horretan. Dena dela, sasoi osoan ordezkoen aulkitik bost aldiz soilik zelaira irten eta orotara 31 minutu besterik jokatu ez dituen futbolari bati egun batetik bestera taldearen zama bizkar gainean hartzeko ardura ematea arriskutsua izan daiteke. Hori da Krizstian Vadoczen kasua. Azterketa gogorra jarri diote euskarri hungariarrari.
Zaila, baina ez hainbeste
Etxeko hamabi partidetatik bost irabazi eta lau berdindu ditu Sportingek, baina azken sei partidetan bakarra irabazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu