«Zaila da, baina ez ezinezkoa»

Osasunak Valentziaren aurka jokatuko du datorren astelehenean, eta Sergiok onartu du «talde handia» dela Unai Emeryrena. Racingekin batera, etxetik kanpoko talderik txarrena da Osasuna, puntu bakarra lortuta

unai zubeldia
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Etxetik kanpo jokatzen dugun bakoitzean edukitzen dugu gogoa bolada txar hori eteteko, baina...». Valentzia taldea dago baina horren atzean. Osasunak Valentziaren aurka jokatuko du datorren astelehen iluntzean, Mestallan, eta Sergio Fernandezek atzo onartu zuen «zelai zaila» dela Valentziakoa. «Talde handia da, Txapeldunen Ligan sartzeko borrokan ari baita». Baina Osasunako zaleentzat mezu baikorra bidali nahi izan zuen erdiko atzelariak. «Borroka zaila da, baina ez ezinezkoa». Azken unean galdu arren, nafarrak gustura daude orain hamar egun Athleticen aurka egindako jokoarekin. «Baina etxetik kanpo ohikoa izan behar du horrela jokatzeak; ezin da izan partida jakin bateko kontua».

Bartzelonak astindu handia eman zion Osasunari larunbatean, baina Sergiok nahiago du aurrera begiratu. «Lehiaketa ez da geratzen, honek aurrera jarraitzen du, eta astelehenean beste partida bat daukagu. Gogotsu eta ilusioz gainezka joango gara Valentziara, partida guztietara joaten garen bezala». Bartzelonaren aurka «normalena» galtzea zela onartu zuen atzo espainiarrak. «Eta ez daukagu emaitza horren presiorik. Hori bai, emaitza dinamika aldatu nahi dugu, gerora helburuak lortzeko».

Valentziak Txapeldunen Ligako ligaxkako seigarren eta azken partida jokatu zuen atzo Manchester Uniteden aurka, Old Trafforden, eta Sergioren ustez ona da aurkariak aste barruan partida jokatzea. «Neke handiagoa edukiko dute, nahiz eta aste honetan egun bat gehiago edukiko duten atseden hartzeko». Txarrik ez diela opa argitu arren, nahikoa esan zuen atzelariak. «Lesioren bat-edo eduki dezakete partida horietan, eta horrek esan nahiko luke ligan ezingo luketela jokatu hamaikakorik onenarekin».

Villa eta Silva jada ez daude Valentzian, eta Sergioren ustez albiste ona da hori Osasunarentzat. «Ez da erraza jokalari horiek ordezkatzea. Hori bai, oso fitxaketa onak egin dituzte, eta, bi jokalari horiek ahaztuta, aurrerapausoa eman dute. Talde gisa jokatzen dute, eta, gorabeherekin bada ere, oso talde ona daukate». Villaren parean jarri zuen Soldado. «Hegaletara joatea gustatzen zaio, eta azkarra da». Baina Aduriz eta Silva desberdinak direla onartu zuen. «Altua da, ikusgarria; niretzat, buruz, onena. Alde handiarekin, gainera». Bi jokalariak «osagarriak» dira atzelariaren ustez. «Eta elkarren ondoan jokatzen dutenean, zaila izaten da eurak defendatzea».

Lehen Mailan lau talde daude oraindik etxetik kanpo partidarik irabazi gabe, eta horietako bat da Osasuna. Jokatutako zazpi partidetatik sei galdu egin dituzte, eta bestea berdindu, Deportivoren aurka. 21 puntutik bakarra. Racingekin batera, nafarrena da Lehen Mailako talderik txarrena etxetik kanpo. Gol bat sartu eta hamabi jaso dituzte, gainera. Etxetik kanpoko ezin hori nola aldatzen den galdetuta, barrez hasi zen jokalaria. «Jakingo bagenu! Berehala esango nioke entrenatzaileari. Irtenbidea oso erraza da: aurkariak baino gol gehiago sartzea». Ironia alboratuta, «gauzak aldatzen eta gaizki egindakoak zuzentzen» saiatzen direla argitu zuen. «Baina aurkaria ere kontuan eduki behar da».

Aurkariez hitz egiten hasita, ezin ahaztu epaileak ere. Larunbatean, Pedrok Juanfrani egindako penaltia eskatu zuten nafarrek lehen zatian. Baina epaileak ez zuen adierazi. Ondoren, berriz, Sergiok egindako penalti inozoa adierazi zuen Teixeira Vitienesek. «Niri penalti adieraziz gero, lehenengo zatian ere hala adierazi behar zuela soilik esan nion epaileari. Talde handien aurka jokatzean, ezer ematen ez dizuten sentsazioa izaten dugu beti. Taldeen artean dagoen aldearekin, gutxienez egin dezala justizia epaileak».

Camuñas, lau-sei asterako

Atzo goizean egin zioten erresonantzia magnetikoa Javier Camuñasi, eta aurreikuspen ezkorrenak bete ziren. Erdilariak I-II graduko haustura dauka ezker izterrean, eta lau-sei aste beharko ditu osatzeko. Hau da, litekeena da espainiarrak ligako lauzpabost partida galtzea. Camuñasekin batera, min hartuta daude Ruper, Aranda, Damia, Vadocz eta Monreal. Ezusterik ezean, azken hori taldekideekin batera ariko da gaurko entrenamenduan.



Etzi, atseden eguna izango du taldeak, eta, asteburuan, bi saio

Zaleentzat bakarrik ez, jokalarientzat ere arraroa da partida astelehenean jokatzea. Asteburuan jokatuta, astelehenean edo asteartean atseden hartzen dute normalean jokalariek. Baina aste hau aldrebesa izango da Iruñean. Igandean atseden eguna eduki zuten, eta herenegun eta atzo entrenamendua izan zuten Taxoaren. Gaur-biharretan ere Taxoaren ariko dira Osasunako jokalariak, eta ostiralean atseden eguna izango dute.

Asteburuan egingo dituzte azken bi lan saioak, Taxoaren, eta igandeko entrenamenduaren ondoren emango du partidaren bezperako prentsaurrekoa Jose Antonio Camachok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.