Orkatila bihurritu zitzaion, baina partida bera zeukan bihurrituta. Bien pena izango du Pablo Berasaluzek. Lehenengoari ezin dio erremediorik jarri -10 egunerako dauka-, eta bigarrenari lehenengorik gabe erremediorik jartzeko gai izango ote zen da zalantza. Kantxan bertan gogoa ikusten zitzaion horretarako, benetako aukera baino gehiago. Atzo, izan ere, aspaldian frontoian ikusi den Sebastian Gonzalezik zuzen eta egokienarekin egin zuen topo. Jo, nola jo. Defendatu, nola defendatu. Galdu, apenas galdu. Horra hor atzokoaren gakoa. Gonzalezek asko jokatu eta deus galtzen ez duenean, kontuz. Lehen aldiz finalerdietako ligaxkan aritzeko sailkatu da azkaindarra. Eta ligaxkan kontrario Aspe enpresako hiru kide izango ditu, gainera. Asegarcek hutsune handi samarra utzi du aurtengo txapelketan. Ez du ordezkari bakar bat ere sartu finalerdietan.
Erregulartasunarekin topo egin duela esatea askotxo esatea da, baina kantxan beste era batera jarrita, beste konfiantza batekin eta beste jarrera batekin ikusten dela esatea ez. Gonzalez bikain ari da pilotan. Egia da lehen partidan izan zuela gorabehera handiren bat, baina bigarrena aitzakiarik gabekoa izan zen eta hirugarrena, atzokoa, aparta.
Indar erakustaldia izan zen harena. Sakearekin asmatu zuen, eta bolearekin tantoa txikitu eta partida apurtu. Era guztietara egin zion min Berasaluzeri jokaldi horrekin: txokoan luzatzen zuelako batzutan, erditik erdira egiten zuelako indarrez bestetan, txokoan zein zabalean apurtzen zuelako pilota hainbatetan. Abiaduran egon zen aldea. Saiatu zen Berasaluze ere boleaz eta airez min egiten, baina kontrarioaren aldean min gutxi egiten zuen. Eskuinera eraso egin zionetan aise moldatu zen Gonzalez, eta hura mugitzen saiatu zenetan, Berasaluzek berak amaitu zuen atzeraka. Ez zuen Gonzalezek sekula tokirik galdu, eta oso gutxitan topatu zuen tokia Berasaluzek. Egia da arriskatu zuenetan txaparekin egin zuela topo askotan -lau bider bai atzo-, baina egia da bere jokorik ez zuela topatu, ez zuela Gonzalez behartu eta ez zuela errematean asmatu.
10-17koa horren adibidea. Gonzalezek mugitu zuen Berasaluze. Ezker gantxoa lehenengo, eta erantzuna kontrakantxako jarlekuetatik Pablok. Jokaldia txokoan amaituko zuelakoan itsu-itsuan abiatu zen bertara, baina zabaldu egin zion berriro Gonzalezek. Txokora abiatuta zeuden Berasaluzeren hankak, baina azken unean agindu zien zabalera joateko eta han bihurritu zuen orkatila. Asegarceko eta Aspeko medikuek eraman zuten aldagelara. Lotu zioten orkatila, saiatu zen bueltatzen, alferrik. Dena zeukan bihurrituta ordurako.
Berasaluze VIII.a 10
Gonzalez 17
Iraupena. 38 minutu.
Pilotakadak. 169.
Saketik. Pablo Berasaluzek alerik ez. Sebastien Gonzalezek bi (falta bat ere bai).
Markagailua. 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 3-3, 4-4, 4-7, 6-7, 6-8, 6-12, 7-12, 9-12, 9-13, 9-14, 10-14, 10-15 eta 10-17 (partida bertan behera gelditu zen).
Bestelakoak. Sarrera bikaina Tolosako Beotibarren. Bizkaitik jende asko joan zen Berasaluze animatzera. Partida bertan behera gelditu zenez, batez bestekoa egin eta %58ean ordaindu ziren apustuak.
Zaila zeukana bihurritu egin zaio
Berasaluze VIII.ak min hartu du orkatilan 10-17 galtzen ari zela, eta Gonzalez ariko da finalerdietako ligaxkan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu