Kolpe latza hartuta itzuliko da Eibar Las Palmas aldetik, azken jokaldian galdu zuelako esku-eskura zeukan puntua. Penalti eztabaidagarri baten erruz kendu zion puntu alea etxeko taldeak. Lejeune eta Roque Mesa elkar trabatu ziren area barruan, kanariarra aurretik zihoanean. Erdiko atzelari frantziarrak ez zuen asmorik aurkariari falta egiteko, baina epaileak baietz iritzi, eta penaltia adierazi zuen. Vierak ezkerrera jaurti zuen, eta Riesgok beste aldera bota zuen bere burua. Poz izugarria Las Palmasen, eta amorrazioa, ezina Eibarren.
Topikoak dio horrelakoa dela futbola, eta zer esan behar zaio horrelako baieztapen bati. Baietz, horrelakoa dela. Eta gertatzen direla halakoak noizean behin. Alde izaten direnean, eztabaidak eta kalapitak ez dute lekurik izaten, horiek galtzailearentzat izaten direlako. Atzo, galtzailea Eibar izan zen, eta pasatu beharko ditu pare bat egun txar bart gauean gertatutakoa ahaztu aurretik.
Bi zati ezberdin izan zituen partidak. Oso ezberdinak, gainera. Jakina zen bi estiloren arteko talka ikusiko zela, eta horrela gertatu zen. Estiloak, bizidunak balira, pozik egongo lirateke, bakoitzak zati bat izan zuelako zein ona den erakusteko. Aurrenekoan, Las Palmasena nagusitu zen. Baloia gozatuz ikuslea gozaraziz, eroso ibili ziren zelaiko ia leku guztietan. Erosoen dabilenetako bat Roque Mesa denean, etxekoen futbolari hasiera emateko zeregina duen erdilari txikia, arazoak aurkarientzat. Harrobiko jokalaria nahi bezala ibili zen, eta kateari segika, baita Vicente, Viera, Boateng, Michel eta Araujo ere.
Makina bat aukera egin zituzten, eta horietako batean, zutoinak geratu zuen Araujoren burukada. Atsedenaldira berdinduta joatea ia mirariaren parekoa izan zen Eibarrentzat.
Gero, eibartarrak nagusi
Gauza asko aldatu beharra zeuzkan Eibarrek, eta bai aldatu ere. Hasteko, Roque Mesaren jokoa itotzea lortu zuen, eta batez ere, ondorengoak eman zion Las Palmas deseroso jartzeko aukera: goian egindako presioak. Etekin handia atera zion baliabide horri taldeak, eta ez bakarrik etxekoen jokoa oztopatzeko; baita erasoan ere lehen zatian baino gehiago azaltzeko. Kontraerasoetan egin zion minik handiena Eibarrek etxeko taldeari, eta izan zituen aukera on askoak ere. Garbiena Kikek izan zuen, 54. minutuan, baina bere burukada ateko marratik atera zuen Castellanok.
Etxekoak presaka ari ziren, Eibarren estiloan harrapatuta, eta ezin zuten ohiko jokoa landu. Baina futbola, esan bezala, horrelakoa da, eta ezer ez zeukan jokaldi batetik penaltia atera, eta hiru puntuekin geratu ziren etxekoak. Eta Eibar inuzente aurpegiarekin utzi zuten.