REALA 1. GRANADA 0

Zailena ere, gaindituta

Realak Granadari irabazi egindio Anoetan, Estradak zorte handiz sartutako golari eskerTalde txuri-urdinak zentzuz jokatu du, aurkaria baino gehiago izan da, eta merezita lortu du sasoiko bigarren garaipena

Dani Estrada eta Asier Illarramendi, Realeko eskuin hegalekoak sartutako gola ospatzen, atzo, Anoeta estadioan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Estradak (64. min.) Epailea: Alvarez Izquierdo. Txartel horiak: Realeko Agirretxeri, Estradari, Griezmanni, Mikel Gonzalezi eta Iñigo Martinezi; eta Granadako Siqueirari eta Jarari. Bestelakoak: 23.000 ikusle inguru Anoeta estadioan.

Argi utzi zuen Philippe Montanierrek Granadaren aurkako partidaren bezperan: «Denboraldi hasiera honetako neurketarik zailena da». Bat baino gehiago harritu egin zen hori entzunda. Zaila egiten zitzaion Montanierrek esandakoa sinestea, Realak Bartzelonaren eta Sevillaren aurka jokatu duela kontuan hartuta. Baina zuzen zebilen Realeko entrenatzailea. Bartzelona ahalguztidunaren aurka puntu bat eskuratzeak meritu handia dauka, baina Kataluniako taldea ez da Realaren aurkari zuzena. Ezta Sevilla ere. Reala baino koska bat gorago daude biak. Bartzelonaren kasuan, koska dezente gorago.

Argi dago. Talde handien aurka lortzen diren puntuek maila apaleko talde baten aurka lortzen direnen balio bera dute, baina egia da ere bai, aurkari zuzen baten aurka eskuratutakoek balio handiagoa dutela. Horregatik dauka, hain zuzen ere, horrenbesteko meritua Reala egiten ari den denboraldi hasierak, bere ligako bi aurkariren aurka jokatu baitu jadanik, eta biei irabazi baitie. Sportingi estreinako partidan, Gijonen (Espainia), eta Granadari atzo, Anoetan (0-1). Sei puntu dira, sasoiaren amaieran urrea balio dezaketen sei puntu.

Atzoko garaipenak konfiantza emango dio talde txuri-urdinari. Gehiago oraindik. Montanierri ere bai. Realean dagoenetik lehen kritikak entzun ditu azken egunetan. Arrazoia? Illarramendi eta Agirretxe Sevillaren aurkako partidako hasierako hamaikakotik at utzi zituela. Nork esango luke horrelakorik orain dela hilabete batzuk. Orduan, Illarramendi gazteegia omen zen mailari eusteko borrokan zegoen talde bateko lema eramateko. Agirretxek, berriz, ez zuen nonbait balio Lehen Mailan jokatzeko. Baina halakoa da futbola, gehiegikeriaz betea. Dena da zuria edo beltza. Eta Realaren kasuan, lehen balio ez zuena ezinbestekoa da orain. Datu bat: iragan sasoi osoan baino gehiago jokatu dute jadanik Illarramendik eta Agirretxek.

Illarramendiren lema

Gehiegizkoa izan edo ez, egia da mutrikuarra eta usurbildarra aldi berean zelaian egon direnean egin duela Realak jokorik onena denboraldi honetan. Sportingen eta Bartzelonaren aurka bikain aritu ziren biak. Sevillan (Espainia), berriz, azken ordu laurdenean bakarrik egin zuten bat zelaian, eta tarte horretan taldeak ordu arte baino erasorako grina handiagoa erakutsi zuen. Beranduegi zen, baina, eta Realak denboraldiko lehen partida galdu zuen.

Atzo hasieratik aritu ziren berriz, eta Realak Sevillan baino ausartago jokatu zuen. Etxean aritzeak, noski, izango zuen eraginik jarrera horretan, baina ezin da ukatu taldeak eskertu egin zuela bi jokalari horien ekarpena, Illarramendi erdilariarena bereziki, bikain aritu baitzen. Berriro. Baloi mordoa lapurtu zituen zelai erdian, eta horietako gehienak erasora eraman zituen, beti zentzuz. Atzo, gainera, laguntzaile fina izan zuen ondoan, Mariga nekaezin aritu baitzen, batetik bestera.

Atzean ere txukun aritu zen Reala. Zenbait despiste izan zituen, baina zorionez, Granadak ez zituen baliatu. Zortea atzean, eta zorte hobea aurrean, partidako gol bakarrean zortea alde izan baitzuen etxeko taldeak. 64. minutua zen, eta Reala golaren bila ari zen lotsagabe. Dani Estradak eskuinetik erdiraketa egin zuen, eta baloiak efektu arraro bat egin zuen bidean, Roberto Granadako atezaina ustekabean harrapatuta. Ez dago oso garbi eskuin hegaleko atzelari zarauztarrak baloiari efektu arraro hori apropos eman zion edo ez. Bost axola, hala ere. Baloia Granadaren ateko sarera joan izanak axola du, eta gol horrek eman ziola garaipena Realari, sasoiko bigarrena, lehena etxean. Bosgarren da Reala, gaurko eta biharko partiden zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.